Aurten azaroaren 11tik 13ra egingo den Itsaso eta Tren bidezko Intermodalitateko Life Rail ikastaroko ikasleak Bilboko Portuaren instalazioetan izango dira berriro, bertako funtzionamenduaren berri izateko eta zamaketariei ematen zaizkien tren-zerbitzuak ezagutzeko.
Bisita azaroaren 13an izango da, eta, horrenbestez, amaiera emango zaio Short Sea Shipping-eko Europako Eskolak antolatzen duen ikastaro horren hamaikagarren denboraldiari. Ikastaroa Expreso de la Robla trenean egiten da, Bilbo-Santander-Bilbo ibilbidean.
Life Rail-en helburuetako bat da portuko tren-zerbitzuak emateko bateratu behar diren elementuak zentralizatzea, eta informazioa eta trebakuntza eskaintzea zerbitzuaren, kostuaren eta denboraren ikuspuntutik trena aukera errentagarritzat duten kate logistikoak erabakitzeko eta kudeatzeko ardura dutenei.
Bilboko Portura sartzen den edo handik irteten den zama guztiaren % 8 trenbidez garraiatzen da; edukiontzien trafikoari dagokionez, kopuru hori % 13raino igotzen da. Gaur egun, operadoreek asteroko zerbitzuak eskaintzen dituzte hiri hauen artean: Gasteiz, Burgos, Madril, Guadalajara, Sevilla, Zaragoza, Bartzelona, Castelló, Valentzia eta Murtzia.