Kees Van Rij Herbehereetako enbaxadorea, Antonio Bereincua kontsula eta Patricia Van Bentum Gai Ekonomikoetako kontseilaria Bilboko Portuan izan dira, portuko zerbitzuen berri izateko eta potentzial handiko bi kate logistiko intermodalak lankidetzan aritzeko modu berriak aztertzeko.
Herbehereak hamahirugarrenak dira Espainiarekiko harreman komertzialen sailkapenean. Bilbo —1,5 milioi tona eta 38.400 TEU— da bi herrialdeen arteko sarrerako eta irteerako portu nagusia. Zirkulazioaren % 63 inportazioak dira. Merkantziaren erdia karga lehorra da, eta beste erdia, berriz, likidoa. Karga lehorraren barruan, nabarmentzekoa da produktu siderurgikoen zirkulazioa, eta, haien atzetik, txatarrak, produktu kimikoak eta ardo, edari eta likoreen multzoa.
Zuzeneko zerbitzuak ez ezik, garrantzitsuak dira Bilbo eta Rotterdam arteko feeder zerbitzuak ere, merkatu hauetara iristen direnak: Txina, Errusia, Singapur, Peru, AEB, India, etab. Guztira, 53.000 TEU dira.
Zirkulazioen % 70ek Rotterdamgo portua du jatorri edo helburu, eta edukiontzietako zirkulazioak, berriz, % 98.
Bisitan, agerian gelditu zen Bilboko Portuaren eta Herbehereetako portuen eragin-eremuen arteko lurreko fluxuak hazteko aukera handia ematen diela Bilbo-Herbehereak itsas zerbitzu intermodalei.
Izan ere, 2012an, ia 4,5 miloi tona garraiatu ziren errepidez Espainiaren eta Herbehereen artean; besteak beste, merkantzia hauek garraiatu ziren: frutak, egoskariak eta barazkiak; materia plastikoak; fundizioa, burdina eta altzairua; edariak; eta kontserbak.