Portuak, SLPk eta Udalak akordioa lortu dute, bizilagunen eskaerei erantzunez
Bilboko Portuko Agintaritzak asmo-hitzarmen bat sinatu du Servicios Logísticos Portuarios (SLP) enpresarekin, Zorrozan martxan dagoen azken garabia erosteko haren bizitza baliagarria amaitzen denean, eta, ondoren, Bilboko Udalari pasatzeko. Hartara, Zorrozako kaiko bizilagunen eta, haien izenean, Udalaren eskaerari erantzun zaio, etorkizunean, garabi hori kultura-balio gisa gorde dezaten.
Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakari Asier Atutxak azaldu duenez, “Bilboko Udalekoek bizilagunen eta Udalaren beraren interesaren berri eman ziguten; hain zuzen ere, eskatu ziguten ez kentzeko gure industria-ondarearen ikurra, lehen Itsas Museoaren parean dagoen Carola garabiarekin egin zuten moduan. Guk ere hori nahi dugu, eta, horregatik, asmo-hitzarmen bat sinatu dugu garabiaren jabea den enpresarekin, behar ez dutenean, beste kai batera eraman beharrean, hirugarrenei saldu beharrean edo
txatarrera bota aurretik, guri saltzeko konpromisoa har dezan, gero udalari emateko”.
Oraindik ez dakigu noiz amaituko duen jarduera garabiak, baina, hitzarmen honen bidez, “bermatuta dago haren silueta auzoaren paisaian”.