Bilboko Portuko Agintaritzak azkar esku hartzeko ibilgailu berri bat erosi du, azken belaunaldikoa eta bizi-euskarri aurreratuaren gisako ekipamendua duena. Ezbeharra gertatu den lekuetan esku hartzeko erabiliko da ibilgailua, Bilboko Portuaren instalazioetan betiere, eta ez zaurituak ospitaleetara eramateko, lan hori Premiazko Garraio Sanitarioaren Sareari baitagokio.
Zelula sanitario berriak abangoardiako materiala du, zaurituen arretari dagokionez; esaterako:
- Monitore desfibriladorea
- Bizkarrezur-ohola
- Immobilizatzeko materiala (Ferno-Kitt, ferulak, lepokoak…)
- Habia-ohatilla
- Jariakinak xurgatzekoa
- Salbamendu-uztaia
- Segurtasun-arnesak
- Salbamendu-txalekoak
- Kaskoak
- Larrialdietarako poltsak
- Oxigeno-botilak
Komunikazioen atalean, ibilgailuak irrati-uhinen eta telefonia mugikorreko igorgailu bat dauka, ezbeharretan Bilboko Portuko Agintaritzako Larrialdietarako Kontrol Zentroarekin koordinatzeko.
Ibilgailu berriak, bestetik, gasolina-gasezko propultsioa baliatzen duen motor bat dauka; instalazio elektriko modernoa du, gailu medikoak eta argiztapen-sistema elektrizitatez hornitzeko egokitua; eta ezaugarri horietako ibilgailu sanitario batek behar duen seinaleztapena du. Era berean, segurtasun-elementuak ere baditu; esate baterako, hauek: irisgarritasun hobea, argiztapen hobea (“lekuan segurtasuna” emateko), gailu medikoen eta materialen kokapen hobea, ergonomia hobea, ibilgailua hobeto ikusten da (segurtasun pasiboa), eta erosotasun handiagoa (laguntza goxoagoa emateko).
Zerbitzu medikoaren arduradunen iritziz, “unitate honen bidez, jauzi kualitatibo handia emango da zaurituei arreta emateari dagokionez; izan ere, hemendik aurrera, besteak beste, biktima eta sanitarioa lekuan egon daitezkeen elementu kaltegarrietatik isolatu ahal izango dira, eta meteorologia txarretik babestu. Alegia, babes handia emango diogu biktimari, lan-giro seguru, funtzional eta ergonomiko bat sortuz”.