Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziako ordezkaritza batek lan-bisita egin du, Christa Sedlatschek zuzendaria buru duela, Bilboko Portuaren instalazioetan, Osalaneko (Laneko Osasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) langileek lagunduta, eta Asier Atutxak (Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakaria) eta Ricardo Barkalak (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuordea) egin die harrera.
Bilboko Portuko Agintaritzak —270 langile ditu— prebentzioaren, kalitatearen eta ingurumenaren kudeaketa-sistema integratu bat du ezarria, eta ISO 9000, ISO 14000 eta OHSAS 18001 arauen arabera ziurtatua. 2007an, hiru ziurtagiriak dituen estatuko lehen portua bihurtu zen, eta, gaur egun, EMAS ziurtagiria lortzeko prozesuan murgilduta dabil.
Diziplina askotako ekintzetan jarduteaz gain, Portuko Agintaritza “enpresa osasungarriak” mugimenduan sartuta dago, eta, laster, “Luxenburgoko adierazpena” sinatuko du.
Horrekin guztiarekin, lan-ingurune osasungarri bat lortu nahi du, non langileek etengabe hobetzeko prozesuan parte hartuko duten, osasuna, segurtasuna eta ongizatea babesteko eta sustatzeko eta ingurumenaren jasangarritasuna bultzatzeko.
Lan-bisitan, halaber, Europako Agentziak “Lan osasungarriak: kudeatu dezagun estresa” kanpaina berria aurkeztu du, eta Eusko Jaurlaritzak arrantzako osasun-gida ezagutzera eman du.