Plan Estrategikoan ezarritako erronka bat da ingurumen-arloan erreferentziazko Europako portua izatea
Oregi: “Euskal Autonomia Erkidegoa bikaintasun logistikora bideratuta dago”
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik EMAS ziurtagiria eman dio Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakari Asier Atutxari. Ziurtagiri horren bidez, egiaztatzen da Bilboko Portua Europar Batasunaren Ingurumen Kudeaketa eta Ikuskaritzako Erregistroan inskribatua dagoela.
Asier Atutxaren arabera, “Ziurtagiriari esker, Bilbo erreferentziazko portu bihurtzeko eta gizartearekiko arduratsuak diren politikak eta irizpideak borondatez integratzeko bidean aurrera jarraitzen du Portuko Agintaritzak. Hain zuzen ere, 2013-2017rako Bilboko Portuaren Plan Estrategikoan jasota daude politika eta irizpide horiek”.
Oregi sailburuak nabarmendu duenez, “Bilboko Portuak ingurumen-ziurtagiri hau lortzeko duen interesak erakusten du EAE bideratuta dagoela bikaintasun logistikoan, non jasangarritasuna baita edozein ekimenen oinarri”.
Atutxaren esanean, “Ziurtagiri hori urrats bat gehiago da erakundeak erantzukizun sozialarekiko duen konpromisoaren barruan, eta berebiziko garrantzia duen gai bati erantzutea du helburu: enpresa publikoaren kanpoko erantzukizunek bat etorri behar duten herritarren eskubideekin”.
Lehen urrats gisa, Portuko Agintaritzak kalitatearen, prebentzioaren eta ingurumenaren kudeaketa-sistema bat ezarri zuen (UNE-EN-ISO 9001, OSHAS 18001 eta UNE-EN-ISO 14001 arauen arabera). Jardueren plangintza, ikuskapen eta etengabeko hobekuntzarako ekintzak sartzen dira. Dena den —Portuko Agintaritzak bere erabiltzaile eta bezeroekin duen eradugarritasun-konpromisoa, erantzukizun soziala txertatzeko bidean aurrera egin dezan portuko komunitatea dinamizatzeko rola eta ingurumen- eta ekonomia-jardueretako bikaintasunaren beharra direla eta—, bere kudeaketa-sistema integratua mantentzeko eta hobetzeko, EMAS III araudiari atxikitzea erabaki zuen.