2015/2016 ikasturte honetan “Ezagutu Portua” programan parte hartzen ari diren ikasleei zuzendua
Gazteen artean Bilboko Portuarekiko atxikimendua sortzeko eta jarduera soziokultural eta hezigarriak sustatzeko xedez, Bilboko Portuko Agintaritzak ipuin-lehiaketa bat antolatu du lehenengoz, “Bilboko Portuaren I. Ipuin Lehiaketa”, 2015/2016 ikasturte honetan “Ezagutu Portua” programan parte hartu duten 10 urtetik 14 urtera bitarteko ikasleentzat.
Gaia librea izango da, baina baldintza hauetako bat behintzat bete beharko du: ekintza Bilboko Portuan kokatua izatea; portuko jarduerarekin zerikusia duen lanbide, jarduera edo elementuren bat agertzea; portuan garraiatzen den salgairen bat agertzea; edo bisita gidatuan ikasitako pasadizo edo ikaskizunen bat aipatzea. Epaimahaiak irizpide hauek balioetsiko ditu: orijinaltasuna, sormena, hizkeraren aberastasuna, Bilboko portuaren ezagutza eta giza eta gizarte-balioak agertzea.
Ikasleen bisitak bi urtez
Ikasleentzako bisita didaktikoen programa 2014ko urtarrilean hasi zuen Bilboko Portuko Agintaritzak. Portuaren historia azaltzen eta gaur egungo jardueraren berri ematen zaie bisitetan eskola-umeei. 2014ko urtarriletik aurtengo urrira arte, 6.500 ikaslek bisitatu dute Bilboko Portua.
Eskaera asko jaso direnez, ikasturte honetarako ez dago jada ikastetxe gehiago hartzeko egunik, baina maiatzean berriro irekiko dira zerrendak, 2016/2017 ikasturterako.
Bisitak doakoak dira, eta egunero egiten dira, astelehenetik ostiralera, eskola-egutegiko egunetan. Ikasgelan lantzen dituzten gaitasunen programan sartzen da jarduera hau. Arlo
hauek lantzen dira ikasleekin, besteak beste: historia eta geografia (Bilboko itsasadarraren eta portuaren historia), ontzi-motak (tipologia eta ontzien zatiak), itsas garraioa (garraiobideak, itsas zirkulazioa, lanbide historikoak eta gaur egungoak) eta energia eta ingurumena (energia berriztagarriak, neurketa-tresnak, ingurumen-neurriak).