Eraikin moderno, dinamiko eta argitsua
Eraikina edukiontzi beiradun handi bat balitz bezala diseinatuta dago; haren barruan, ondo bereizita daude bidaiarien eta ekipajeen joan-etorriak nahiz ontziratzeko eta lehorreratzeko guneak, bakoitzak bere ibilbideak eta eskailerak baititu. 15 metro garai da, 3.200 metro koadro erabilgarri ditu, eta 2 solairu nagusi eta solairuarte bat dauzka.
Beheko solairuan, ataria dago, eta han egiten da bidaiaren harrera eta ontziratzekoak diren bidaiarien ekipajeen fakturazioa. Halaber, leku zabal bat dago lehorreratzen diren bidaiariek ekipajeak jaso ditzaten, baita turismo-informazioko erakusmahaia ere. Solairuartean, VIP aretoa eta bulegoak daude. Lehen solairuan, itxarongela, ontziratzekoak diren bidaiarien kontrol-eremua eta lehorreratzeko gunea jarri dira.
Horrez gainera, 169 m luzeko pasagune bat dago kanpoan, eraikinari itsatsia; haren bidez ontziratuko eta lehorreratuko dira bidaiariak.
Zuzeneko sarbidea itsasontzira
Ontzietarantz irekitzen da geltokia, ontziratze- eta lehorreratze-maniobrak errazteko eta bidaiarien erosotasuna bermatzeko. Bidaiariak aipatutako eraikinaren kanpoko pasagunetik sartzen dira ontzira, zuzenean eta seguru, kaia zapaldu beharrik gabe, plataforma mugikor edo “gang-way” bati esker. Edozein marea-mailatan itsasontzi guztien ontziratze-ateen altuerara egokitzen da azpiegitura hori, itsasontziaren tamaina edozein dela ere, eta, hala, mugikortasun urriko pertsonak sartzea errazten da.
Maleten zirkulazioa eta itsasontziak behar dituen hornidurak kalean egiten dira, atrakalekuaren ondoan, bidaiarien joan-etorritik erabat aparte dagoen eremu batean.