ASK Chemicals enpresak Bilboko Portuko industrialdean hasi duen proiektua aurkeztu du. Kimika-sektorean nazioarteko erreferentzia da enpresa hori, eta, aurten, 50 urte bete ditu. Bilboko Portuan zentralizatuko du bere produkzioa, Europako hego-mendebaldeko merkatura ateratzeko puntu estrategikoa delako.
Aurkezpenean izan dira, besteak beste, ASK Chemicals-en Europa hegoaldeko kontseilari delegatu Iñigo Zarauz, Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakari Asier Atutxa, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia.
Fundizioaren industriarako produktuak ekoizten eta banatzen ditu ASK Chemicals-ek, eta 25 herrialdetan dago, 30 establezimendutan banatuta. Marka horrek hiru produkzio-instalazio ditu Espainiako iparraldean: Castro Urdialesen (Kantabria), Idiazabalen (Gipuzkoa) eta Artziniegan (Araba). Haien produkzioa Bilboko Portuan dagoen 10.000 m2-ko nabe batean kontzentratuko da.
Leku-aldaketa zenbait fasetan egingo da, bezeroak hornitzeko garaian arazorik sor ez dadin. Lehenengo fasean, Castro Urdialeseko lanen zati bat eta Idiazabalgo eta Artziniegako instalazio guztiak lekualdatuko dira. Fase hori 2016ko apirilaren hasieran abiatuko da, eta urtearen amaieran amaituko da. Funtsean, bi jarduera paralelo egongo dira: nabe barruan, gaur egungo instalazioak haien ekoizpen- eta segurtasun-eskakizunetara egokituko dira, fundizioko pinturak, zorroak eta beste produktu batzuk ekoitz ditzaten; eta, kanpoan, lehengaien andelak egokituko dituzte, merkantziak sartu eta garraiatzeko bideak, bai eta gaur egungo legearen araberako zerbitzu-instalazioak ere.
2017-2018an,gaur egun Castro Urdialeseko instalazioan egiten diren fundioziorako erretxinak aldatuko dira lekuz.
Lehenengo fasean, inbertsioa 6 milioi eurokoa izango da. Fase
guztiak amaitzen direnean, inbertsioa 10 milioi eurokoa izango da.
Gaur egun, ASK Chemicals-ek 80 langile ditu hiru instalazio horietan. Bilboko Portura aldatzen denean langile-kopuruari eusteaz gain, enpresak asmoa du aurreragoko faseetan lanpostu gehiago sortzeko, eta 90-100 lanpostura iristeko.
Lehia-abantailak
Lekuz aldatzeko erabakia hartzeko oinarri izan dira, batetik, hazkundea eta, bestetik, enpresak Espainian dituen hiru zentroetako jarduera eta langileak toki berean elkartzeko beharra. Helburu nagusia da negozioa optimizatzea eta zabaltzea eta negozio berriak sortzea, ASK Chemicals-en Euskadiko etorkizuna bermatzeko funtsezko elementu gisa.
Bilboko Portua hautatzeko arrazoi nagusiak hauek izan dira: kokapen geografiko pribilegiatua, itsasoko linea-kopuru zabala (horrek edozein merkatura zabaltzeko aukera ematen dio), Itsas Portuak emandako erraztasunak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza. Halaber, instalazio berriak aukera emango die banaketa-zerbitzu hobea emateko aldameneko herrialdeei. Horri esker, erreferente bilakatuko da ASK Chemicals taldearen barruan.