Aurten, atrakaleku-kopurua % 20 igotzea espero da
P&O Carnival konpainiaren Azura ontziak irekiko du aurten, apirilaren 5ean, Bilboko Portuko gurutzaontzi-denboraldia. 90 metro luze eta 36 metro zabal, 3.600 bidaiari eta tripulazioko 1.560 kide har ditzake. Goizeko 8:00ak aldera iritsiko da, A Coruñatik, eta 18:00ak arte egongo da Getxon. Handik, Frantziako Arroxelako porturantz joango da gero.
1.557 kabina ditu, 14 bizkarretan banatuak, ur azpiko ikuspegia eskaintzen duen gimnasio bat, ur termalen spa bat, auditorium bat, aire libreko zinema bat eta Michelin izar bat duen itsasontzi bateko lehenengo jatetxea.
Eskala-kopuru handiagoa
2015ean, 45 gurutzaontzik egin zuten eskala Bilboko Portuko Getxoko instalazioetan, eta aurten kopuru hori % 20 handitzea espero da.
Aipatzekoa da, besteak beste, Pullmantur konpainiaren apustua, aurten ere Getxon ontziratuko baititu bidaiariak ekainean eta irailean, Ipar Europako zenbait ibilbide egiteko. Ekainean, Lisboa, Vigo, Bilbo, Dover, Amsterdam, Kopenhage eta Rostock izango dira ibilbideko geltokiak.
Denboraldi honetan, gainera, Royal Caribbean Cruises Ltd
(RCCL) konpainiaren bi gurutzaontzi ospetsuk ere geldialdia egingo dute Bilbon: Celebrity Silhouette eta Ovation of the Seas ontziek. Azken hori 348 metro luze da, eta 4.180 bidaiari har ditzake. Bestalde, konpainia horretako Celebrity Constellation gurutzaontzia ere etorriko da Bilboko Portura, eta gaua emango du han; baita Fred Olsen britainiar konpainiako Balmoral gurutzaontziak ere.
Azkenik, 2016ko maiatzean, uztailean eta abuztuan, berriz etorriko da gurera Britannia gurutzaontzi ikusgarria (P&O – Carnival). 333 metro luze den eta 4.000 lagun inguru har ditzakeen ontzi horrek Bilboko Portua bisitatu zuen iaz, inaugurazio-bidaian.