e-puertobilbao plataforma telematikoak balio erantsiko zerbitzuak garatzen eta ezartzen jarraitzen du, portuko eragiketei lotutako informazio-trukeak sinplifikatzeko eta errazteko.
Bertsio berria ekainaren 8az geroztik dago martxan, eta Bilboko Portuan pisu egiaztatua jakinarazteko dagoen prozedurara egokitu ditu lehendik dauden zerbitzuak. Prozedura hori Nazioarteko Itsas Erakundeak SOLAS hitzarmenean —itsasoan giza bizia segurtatzeko nazioarteko hitzarmenean— egin dituen zuzenketak betetzeko adostu da, eta bat dator kontainerren masa gordina egiaztatzeari buruz Merkataritzako Nabigazioak maiatzaren 31n emandako ebazpenarekin.
Zirkuitu dokumental hauek eguneratu dira: kontainerren onartze-agiriak eta esportazio-kargen zerrenda. Biak kontsignatarioek terminaletara bidali beharreko komunikazioei buruzkoak dira.
Halaber, bertsio berri hori lagungarri izango da mugikorreko aplikazio berrirako, garraiolariek Portuko eta terminaletako
sarreren aurreabisua eman dezaten. Aplikazioa proba errealen fasean dago, eta Google Play-n hedatzeko prest.
Horrez gain, e-puertobilbao-ren webgune berria argitaratu da. Formatu berritua du, eta gaur egungo teknologien gainean garatu da, edukia hobeto kudeatzeko. Horrez gainera, “responsive” diseinua du, eta, beraz, webguneen itxura haiek bistaratzeko erabiltzen ari den gailura egokituko da (tableta, telefono adimendunak, eramangarriak, etab.)