Bilboko Portuko Agintaritzak Getxon dituen instalazioetan emango du gaua gaur Royal Caribbean konpainiaren Constellation gurutzaontziak. Egun eta erdi egingo ditu portuan; beraz, hango bidaiariek denbora gehiagoz gozatu ahal izango dute gure paisaiaz, kulturaz eta ostalaritzaz. Lehenagotik ere egon da ontzi hori Getxon, eta, ikusita harrera ona egiten zaiola, gure kostaldera etorri da berriro.
294 metro luzeko ontzia goizeko 7etan iritsi da Lisboatik, eta bihar arratsaldeko 4retan abiatuko da Coruñara. 2.287 bidaiari ditu —gehienak estatubatuarrak, ingelesak eta kanadarrak—, eta tripulazioko ia mila lagun.
Gaur egun dagoen ontzi onenetako bat da Constellation gurutzaontzia. Ekipamendu handiak ditu, dekorazio aparta eta lehen mailako zerbitzua. Haiek guztiek gurutzaontzi bikain bihurtzen dute.
Denboraldi honetako 27. gurutzaontzia da; aurreikuspenen arabera, 50 bat etorriko dira.