Europako iparraldera eta Iberiar penintsulara frutak eta barazkiak banatzeko ondoen konektatutako Atlantikoko portu gisa aurkeztuko du bere burua Bilbok Fruit Atraction azokan, urriaren 5etik 7ra, Madrilen. 2015ean, trafiko hori 169.528 tonakoa izan zen. Nabarmentzekoak izan ziren barazki izoztuak eta tipula-, baratxuri-, porru-, patata- eta zitriko-sortak. Kontainer hoztaileen kopurua % 23 handitu zen.
Merkatu nagusiak Erresuma Batua eta Irlandako Errepublika izan ziren. Bestalde, esportazioan igoera handia dute Suediak eta Poloniak. Ozeanoz haraindiko merkatuetan, berriz, Txinaren eta Txileren inportazioak igo dira.
Bilbok kontainerretarako lo-lo zerbitzuak eta kontainerretarako eta merkantziak eramateko kamioietarako ro-ro zerbitzuak ditu. Europarekin soilik, kontainerrentzako hamabost zerbitzu zuzen ditu eta errepideko zirkulaziorako hiru zerbitzu, kontainerrentzako eta merkantziak daramatzaten kamioientzako.
Kontainerretan garraiatzen diren salgaien helmuga nagusiak Erresuma Batua, Herbehereak, Irlandako Errepublika, Norvegia, Polonia eta Suedia dira. Europatik kanpo, berriz, hauek dira nabarmentzekoak: Kuba, India, Peru, Angola, Thailandia eta Argentina.
Nola Portuko Agintaritza hala enpresa pribatuak produktu galkorrak garraiatzeko instalazioak eta zerbitzuak handitzen ari dira. Hori horrela, kontainerren terminalak hozkailu-kontainerrentzako 485 hargune ditu eta lau bideko tren-terminal bat, bakoitza 450 metrokoa, emakidaren barruan. Noatum Terminal Container Bilbao enpresak du emakida, eta, aurten, bideak zabaltzeko proiektua jarriko du martxan. Lan horiei esker, 550 metroko trenak ere ibili ahalko dira.
Mercabilbaorekin lankidetzan
Azken urteotan, fruten eta barazkien sarrera-fluxua handitzeko
apustu handia egin du Portuko Agintaritzak. Alor horretan, Mercabilbaorekin lankidetzan dihardu, sinergiak aprobetxatzen, karga-bidaltzaile berriak eta itsas linea berriak erakartzeko. Iberiar penintsulako iparraldeko elikagai galkorren banaketarako zentro handiena da Mercabilbao.
Iaz, 215 milioi kilo fruta eta barazki pasatu ziren Mercabilbaoren instalazioetatik. Salmenta-jardueraz gain, nazioartekotze-estrategia indartu zuen, eta, hala, Mercabilbao Bilboko Portuaren bidez Europako zenbait merkaturekin —Erresuma Batuarekin, esaterako— lotzea lortu zen, frutak bidaltzeko.
13 hektarea inguruko azalera du Mercabilbaok, eta ehun bat enpresak lan egiten dute. Guztira ia mila lagunek egiten dute lan, eta egunero 2.687 ibilgailu sartzen dira.
Haren eragin-eremua Euskadi osora, Burgosera, Errioxara eta Kantabriara iristen da, baita beste hornidura-merkatu zentral batzuetara ere, esaterako hauetara: Valladolid, Segovia, Nafarroa, Zaragoza eta Asturias.