Bilboko Portuko Agintaritza egiten ari den gurutzaontzietarako itsas estazio berriaren lanak onetsitako plangintzaren arabera ari dira gauzatzen, eta, beraz, eraikina 2017ko udaberrian jarriko da martxan. Geltokia Bilboko Portuak Getxon duen gurutzaontzietarako bigarren kaian eta hirugarren atrakalekuan kokatuko da, eta beste bultzada bat emango dio Bizkaira itsasoz iristen diren turisten kopurua handitzeko helburuari.
Enpresa esleipendunak, Giroa eta Viuda de Sainz-ek osatutako ABEEak, martxoan hasi zituen lanak; guztira 4,60 milioi euroko aurrekontua dute. Apiriletik ekainera bitartean, eraikinaren egituraren hormigoi armatuzko zatia eraiki zen, zimenduak eta solairuak barne, bai bulegoetarako izango den solairuartearena, bai bidaiariak ontziratu eta lehorreratzeko erabiliko den lehen solairuarena ere. Ondoren, udan zehar eta urriaren amaierara arte, metalezko egitura eraiki da; egitura horrek zinkezko akabera du, eta estalkiaren euskarria izango da. Hala, eraikina guztiz iragazgaitza izango da, udazkeneko euriari aurre egiteko. Eraikinaren perimetroa erabat ixten duen errezel-horma ipintzearekin batera, lanen erdiak bukatuta geratu dira.
Hemendik aurrera, meteorologiak gehien eragiten dien lanak egingo dituzte, hala nola klimatizazio-instalazioak, elektrizitatea, lurzoruak eta pinturak.
Aldi berean, kaiaren ertzean, kanpoko pasagunea eraikitzen ari dira; haren bidez, bidaiariak zuzenean ontziratuko eta lehorreratuko dira eraikinetik, gangway-an zehar. Prosertek enpresa ari da lan horiek egiten, milioi bat euro inguruko aurrekontuarekin.
Terminalen abangoardian
Eraikina diseinatzean, arreta berezia eskaini zaie ontzi-enpresa handiek emandako datuei, nazioarteko segurtasun-arauei eta munduko terminal onenen ezaugarriei. Horren ondorioz, eta aplikatutako kalitateko eta itsas segurtasuneko estandar handiei esker, estazio hau —hamabost metroko altuera eta 3.200 metro karratu erabilgarri izango dituena— Europako abangoardian kokatuko da.
Ingurunearekin naturaltasunez bat egiten duen edukiontzi beiradun handi bat balitz bezala diseinatuta dago estazioa; haren barruan, ondo bereizita daude bidaiarien eta ekipajeen joan-etorriak nahiz ontziratzeko eta lehorreratzeko guneak, bakoitzak bere ibilbideak eta eskailerak baititu.
Eraikinak bi solairu nagusi eta solairuarte bat dauzka. Beheko solairuan, ataria eta turismo-informazioko erakusmahaia egongo dira, eta han egingo da bidaiaren harrera eta ontziratzekoak diren bidaiarien ekipajeen fakturazioa. Halaber, leku zabal bat egongo da lehorreratzen diren bidaiariek ekipajeak jaso ditzaten. Solairuartean, VIP aretoa eta bulegoak egongo dira. Lehen solairuan, itxarongela, ontziratzekoak diren bidaiarien kontrol-eremua eta lehorreratzeko gunea jarriko dira.
Era berean, Getxoko Udalaren eskaintzari erantzunez, Portuko Agintaritzak egonaldi luzeko 222 aparkaleku jarriko ditu kaian. Getxotik ateratzen diren gurutzaontzietako bidaiariek erabiltzeko dira aparkaleku horiek; gurutzaontzirik porturatzen ez den egunetan, berriz, herritar guztiek erabili ahal izango dituzte. Halaber, beste 31 aparkaleku sortuko dira terminalaren
funtzionamenduari lotutako langileentzat; beste zortzi, mugikortasun urriko pertsonentzat; hamar, taxientzat, eta, azkenik, 40 aparkaleku, autobusentzat.
2016ko denboraldiaren balantzea
2016an nabarmen hazi da Bizkaira Bilboko Portuaren bidez iristen diren gurutzaontzien kopurua. Urteko lehen gurutzaontzia apirilaren 5ean iritsi zen; azkena, berriz, gaur iritsi da. Bitarteko epe horretan, 51 gurutzaontzi iritsi dira, hau da, 2015ean baino % 19 gehiago. 85.071 bidaiari iritsi dira guztira gurutzaontzi horietan, alegia, aurreko ekitaldian baino % 21 gehiago.
Herrialdeka, britainiarrak gailentzen dira (% 58), eta, haien atzetik, bidaiari estatubatuarrak (% 14).
Denboraldi honetan, zortzi gurutzaontzik egin dute geldialdia Bilbon lehenengo aldiz. Hauek dira geldialdi azpimarragarrienak: Royal Caribbean Cruises Ltd (RCCL) enpresaren Constellation ontziaren geldialdia, gaua igaro baitzuen portuan, 2.291 bidaiarirekin; Navigator of the Seas ontziaren hiru geldialdiak —hori ere RCCL enpresakoa da—, lehena abuztuan (inaugurazio-geldialdia), Bilboko jaiekin bat etorriz, eta hainbat herrialdetako 3.899 bidaiari zekartzala; Celebrity Silhouette ontziaren geldialdia, zeina RCCL enpresaren barruan luxuzkotzat jotzen baita, 2.813 bidaiarirekin, gehienak estatubatuarrak; eta azpimarragarria da, era berean, Fred Olsen enpresa britainiarreko bi gurutzaontzi egun berean iritsi zirela, urriaren 4an.
Halaber, Pullmantur-ek Bilboren alde egin du ontziratzeko eta lehorreratzeko portu gisa, eta Monarch ontziak bi geldialdi egiten ditu bertan; gainera, denboraldi honetan, zenbait enpresa garrantzitsu Bilbon gehiago errotu dira, hala nola P&O, Oceania eta TUI.
Enpresa hauetako gurutzaontziak ere etorri dira Bilbora: Hurtigruten, Princess, Du Ponant, SilverSea, Costa Cruceros Carnival, Crystal, Lindblad, Sea Cloud, Noble Caledonia, Holland eta Grand Circle.
Gurutzaontzien turismoa aberastasun-iturri da Euskadirentzat, bai berez sortzen duen diru-fluxuarengatik, bai gure ekonomia dinamizatzen egiten duen paperarengatik.
Turismo-mota horrek gutxi gorabehera 7,27 milioi euroko eragina izan zuen gure BPGan, urteko 145 lanpostu eskaintzen jarraitu zuen eta 0,81 milioi euroko zerga-itzulkina sortu zuen.