Bilboko Portuko Agintaritzak eta Uniportek parte hartu dute, hirugarren urtez jarraian, Houstongo Breakbulk Americas azokan. Aurtengoa urriaren 17tik 19ra izan da, eta karga zatituetan duen espezializazioaren berri eman du Bilboko Portuak.
Bisitari asko erakarri du ekitaldiak, Harvey urakanak abuztuan egindako kalteetatik bere onera etorritako hiri horretan. Eta Portuaren standera hurbildu diren pertsonek ikusi dute Bilbok oso ezaguna izaten segitzen duela sektorean, proiektu eolikoek itsas garraioaren segmentu horrentzat duten garrantziagatik.
Izan, Bilboko Portua portu hub bat da proiektu-kargetarako. 2016an, pisuagatik, luzeragatik, zabaleragatik edo garaieragatik garraiatzeko pieza berezitzat katalogatuta dauden 4.480 pieza ontziratu ziren moila horietan. Aurreko ekitaldian baino % 12 gehiago.
Azken urteotan, Bilboko portuaren sakonera handiek eta toki erabilgarriak erakarrita, karga berezien edo merkantzia orokor konbentzionalaren ekoizle garrantzitsuak ezarri dira portuan. Zenbait enpresa berri sartu dira, hala nola Gamesa, Lointek eta,
duela gutxi, Haizea Wind. Lehendik zeuden, besteak beste, Navacel, Vicinay Cadenas eta Arcelor Mittal.
Gaur egun, Bilboko Portuak 910.000 metro karratu eta 6.000 metro lineal ditu baliagarri merkantzia orokor konbentzionalerako; eta, dagoen eskaria ikusirik, Portuko Agintaritza eremu berriak sortzen ari da, hala portuan nola Pancorboko eta Arasurreko portu lehorretan.