Suhiltzaile Akademia Nazionalaren zuzendaria den Romy La Touche eta Erdialdeko Amerikako herrialdearen Suhiltzaile Kidegoaren ekintzetarako zuzendaria den Luis Fernando Salas Bizkaian izan dira Bizkaiko Foru Aldundiko Su itzaltze eta salbamendu foru zerbitzuko agintariek Bilboko Portuan gerta daitezkeen larrialdietan entrenatzeko trebatze-tresna eredutzat duten errealitate birtualeko simulagailua bertatik bertara ezagutzeko.
Costa Ricako suhiltzaile zerbitzuaren arduradunak Bilboko Portuko Agintaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariekin batzartu dira goizeon. Bizkaiko ordezkariek eredu honen abantailak azaldu dizkiete; izan ere, sistema honen bidez, modu seguruan egin daitezke larrialdi-egoeren arloko entrenamenduak, zeren halakorik egitea ezinezkoa izango bailitzateke egiazko bizitzan, eta horrenbestez, larrialdi-simulakro tradizionalen berebiziko osagaia baita.
Costa Ricako Meritu Oneko Suhiltzaile Kidegoak herrialde osoan banaturik dituen 75 parkeetan lan egiten duten suhiltzaile profesional eta boluntarioentzako prestakuntza-ekintzetan Bizkaikoaren antzeko eredua ezartzeko interesa erakutsi du. Horren helburua ondokoa da: herrialde horretako suhiltzaileen eskura praktikan frogaturiko eraginkortasuna duen punta-puntako teknologia jartzea.
Bizkaiko teknologia
Errealitate birtualeko simulagailuak, Bilboko Portuko Agintaritzak finantzatu eta Bizkaiko Ludus enpresak garatu duenak, Bilboko Portuko egiazko agertokietan entrenatzeko eta larrialdi-egoera ezberdinak simulatzeko aukera ematen die Bizkaiko suhiltzaileei. Zehazki, simulagailuaren lehen fase hau joan den martxoan abiarazi zen, eta Bilboko Portuan gertatu
daitezkeen balizko hiru kasutan esku hartzeko gertakizun hauek jorratzen ditu: merkatugai arriskutsuak eroaten dituen ibilgailu baten istripua, Portuko biltegi bateko sutea eta prebentziorako laguntza-taldea.
Foru Aldundiaren Su itzaltze eta salbamendu zerbitzua larrialdiei aurre egiteko lehen zerbitzua da Estatuan teknologia mota hori entrenamenduetan erabiltzen; izan ere, teknologia hori aeronautika sektorean edo arlo militarrean baino ez zen baliatzen, kostu handiak dituelako. Azken hiru urteotan errealitate birtualari doakion teknologia ekarri duen transformazioari esker, gaur egun programatzaileek eskura dute teknologia hori, eta kostuak ere merkatu egin dira arlo horretan.
Errealitate birtualeko simulagailuak lana garatzeko 8 hileko eta 97.000 euroko inbertsioa eragin du eta Bilboko Portuko Agintaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren barruan dago. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu publikoen modernizazioaren alde egin duen apustua indartzen du.