Burgoseko enpresaburuen eta Bizkaiko portuaren arteko zubi logistikoa da zerbitzu berria
Gaur iritsi da lehenbiziko kontainer-trena Pancorboko TELOF portu-trenbide terminal logistikora. Bilboko Portuarekin konexio erregularra izango du aurrerantzean terminal horrek. Hasiak dira, bada, Burgoseko portu lehor horren eragiketa intermodalak eta, honenbestez, zubi logistiko moduko bat eraiki da Bizkaiko portuaren eta Burgos aldeko esportatzaileen eta inportatzaileen artean.
Bilboko Portuko Agintaritza da Pancorboko portu lehorraren jabea, baina kanpoko kudeaketa-eredu bat dauka, Transitia enpresari esleitua. Interes orokorreko trenbide-sarean jarduteko baimena eta segurtasun-agiria dituen lehen euskal enpresa da Transitia, eta bakarra. Tren-zerbitzua, berriz, Sibport sozietateari esleitu zaio.
Transitia eta Sibport enpresek ez ezik, beste batzuek ere adierazi dute terminal hori erabiltzeko eta baliatzeko interesa; besteak beste, Railsider eta MacAndrews konpainiek, eta dagoeneko Pancorbon kokatuta dauden enpresa nagusiek.
Hasieran, astean behin egingo du trenak Bilbo, Pancorbo eta Jundiz arteko joan-etorria.
Portu lehor estrategikoa
Bilboko Portuaren garapen-estrategiaren barruan dago portu lehorren sorrera, bezeroei itsas zerbitzuak eskainiz trafikoak erakartzearren. Horretarako, 480.000 metro karratu lur erosi zituen Bilboko Portuko Agintaritzak Pancorboko “El Prado” industrialdean, Burgosen, TELOF portu-trenbide terminal logistikoa eta eremu industrialak eta logistikoak garatzeko.
Kokapen estrategikoa du industrialdeak, N-1 errepide nazionalaren eta Gasteiz- Burgos-Madril AP-1 autobidearen artean baitago, eta Madril-Irun trenbide-linearen Pancorboko geltokiaren ondoan. Hartara, eskualde horretako karga-bidaltzaileek eskura dituzte Bilboko itsas zerbitzuak, zeinek mundu osoko 900 bat porturekin duten lotura.
2013ko irailean hasi ziren tren-konexioaren eta zerbitzu-bideen obrak, eta 2015eko martxoan amaitu. Konexio-obretan, Portuko Agintaritzak 13,8 milioi euroko inbertsioa egin zuen, eta Europaren laguntza izan zuen proiektuak, “IBUK-Corredor Intermodal” proiektuaren barruan.
Bi trenbide hil ditu terminalak, 616 metrorainokoak; trenak hartzeko eta bidaltzeko bi trenbide, 755 metrorainokoak, eta bi karga-trenbide, 656 m-koak. Trenbideen zabalera, berriz, iberiarra da, eta nazioarteko zabalerara aldatzeko aukera dago. Teknologiarik modernoenaz dago hornituta terminala, eta kontainerrak biltegiratzeko eremu bat ere badu; datorren urteko martxoan, berriz, 500 metro karratuko biltegi itxi bat izango du.
Lehenbiziko fasean, 60.000 bat metro karratu urbanizatu dira. 2017ko urtarrilean hasi ziren lanak, eta 4,5 milioi euroko inbertsioa egin zen. Terminalaren gainerako azalera faseka urbanizatuz joango da, malgutasunez, eremu logistiko horretan kokatzeko interesa duten bezeroen beharren eta karga-motaren arabera.
Hiru eremu ditu industrialdeak: portu-trenbide terminal logistikoa, zeinak merkantziak kargatzeko eta deskargatzeko ingurune bat duen; kontainer eta merkantzia orokorrerako eremu logistikoa, eta eremu logistiko-industriala.