2018-2022 Plan Estrategikoan deskribatzen ditu Portuko Agintaritzak helburu hauek lortzeko oinarriak: ardatz atlantikoko trafikoetan Bilbo erreferentziako portua izatea, bere eragin-eremuko sektore industrialen premia logistikoei erantzutea eta nazioarteko merkataritzan bere bezeroen lehiakortasuna hobetzen jarraitzea.
Bost urteren buruan 37 milioi tona gainditzea dute xede Planaren bost ardatz estrategikoek,
eta lidergoa sendotzea eta trafikoa berreskuratzea Portuaren gertueneko eragin-eremuan, bai eta gainerako fatxada atlantikoetan ere, hala nola Ipar Amerikan eta Erdialdeko Amerikan.
Horretarako, plan komertzial berri bat prestatzeaz gain, datozen lau urteotan prezioak pixkanaka jaistea proposatzen du, Portuaren lehiakortasunari laguntzearren.
Bilboko Portuko Agintaritzak aurkeztu berria du 2018-202 Plan estrategikoa. Zure etorkizunarekin bat / Committed to your future / Comprometidos con tu futuro du izena Planak; ardatz nagusia, berriz, bezeroa. Plan horretan deskribatzen ditu Portuko Agintaritzak helburu hauek lortzeko oinarriak: ardatz atlantikoko trafikoetan Bilbo erreferentziako portua izatea, bere eragin-eremuko sektore industrialen premia logistikoei erantzutea eta nazioarteko merkataritzan bere bezeroen lehiakortasuna hobetzen jarraitzea. Eraginkortasunari dagokionez, jarduera hobetzea eta balio-kate osoaren lehiakortasuna sustatzea da Portuaren xedea. Izan ere, handia da operadore logistikoen arteko lehia Portuaren eragin-eremuan.
Bilboko Portuko gurutzaontzien itsas estazio berrian, Gexon, aurkeztu du Plana Portuko presidenteak, Asier Atutxak, entzule ugariren artean: portuko komunitateko kideak, enpresaburuak, erakunde publiko eta pribatuak, eta ekonomia-alorreko erakundeen eta instituzioen ordezkariak. Estatuko Portuetako presidente José Llorca eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia ere mintzatu dira ekitaldian.
Bost ardatz estrategiko nagusi ditu Portuko Agintaritzaren 2018-2022 Plan Estrategikoak, kanpoko hiru eta barruko bi:
1. Hazkundea eta lehiakortasuna, non sartzen baitira ontziari eta merkantziari eskaintzen zaizkien zerbitzuen kostua eta kalitatea optimizatzea; konektibitatea hobetzea ardatz atlantikoko sarrera- eta irteera-puntu nagusi gisa sendotzeko, bere gertueneko eragin-eremuan duen lidergoa finkatzea, portuko ezartze logistikoak areagotzea eta portu adimendun kontzeptua sustatzen jarraitzea.
2. Eragin ekonomikoari dagokionez, berriz. Horretarako, kluster estrategikoen premia logistikoak ase behar ditu Portuak, azpiegitura intermodala sortu, eta balio-sorrera eta gurutzaontzien trafikoa bultzatzen dituen lurzoruaren okupazioa lehenetsi.
3. Onura soziala, bere inguruko gizarte-taldeei bideratua; bere komunitateari zabalik egon behar du, eta ingurumen-kudeaketaren bikaintasuna indartu.
4. Kudeaketaren bikaintasuna .Horretarako, jardueraren ardatz nagusitzat bezeroa hartu behar du erakundeak; talde-lana sustatu behar du, bezeroari arreta emateko prozesuak eta proiektuen bidez, eta inguruan izaten diren aldaketei aurrea hartzeko jarrera izan etengabe.
5. Jasangarritasun ekonomikoaren eta finantzarioa. Arlo horretan, oreka ekonomiko-finantzario egokiari eusten saiatu behar du Portuko Agintaritzak, datozen urteotako diru-sarrerak, baliabide-sorrera, inbertsioak eta ustiapen-gastuak kontuan harturik.
Ardatz estrategiko horiek abiapuntu dituela, 2022an 37 milioi tonaren langa gainditzea espero du Bilboko Portuak, hots,
urtean % 2,7ko hazkundea izatea, batez beste. Horretarako prestatu den berariazko plan komertzialak, berriz, erakarmenaren eta jarduera-ahalmenaren arabera sailkatzen ditu trafiko nagusiak, eta aukera eman behar du, horretaz gainera, Portuaren inguruko eragin-eremuan lidergoa sendotzeko eta trafikoak berreskuratzeko, bai eta foreland estrategikoa erakartzeko Europa atlantikoan eta gainerako fatxada atlantikoetan, hala nola, Ipar Amerikan eta Erdialdeko Amerikan, eta Indian eta Txinan.
Helburu horiek lortzeko, prezioak jaitsi egingo ditu Portuko Agintaritzak, pixkanaka, 2022ra arte, Plan Estrategikoari jarraikiz. Urtean 5,6 milioi eurorainokoa izango da prezio-jaitsiera.
Beste zenbait lehia-abantailaren artean, hauek ditu Portuak xede horiek lortzeko: kokapen ezin egokiagoa Bizkaiko golkoan, eskualde osoan trafiko gehiena sortzen duena izatea, eta egoera ekonomiko-finantzario sendoa. Bestalde, azpiegitura dibertsifikatuak ditu —eta, handitze-fasean, gainera—; haiei esker, era guztietako merkantziak har ditzake. Halaber, nabarmen da nagusi Bilbo kontainer eta likidoen trafikoan, bai eta trafiko konbentzionalean ere, Ipar Atlantikoan; eta azken lau urteotan, portu-sistemaren batezbestekoa baino gehiago hazi da.
Horrekin batera, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko borondate global trinkoak duenez, sustatu egin behar luke itsas garraioa, beste garraio-mota batzuek baino emisio gutxiago sortzen baititu, oro har.
Bilboko Portuak euskarri dituen balioak eta ikuspegia ditu oinarri Plan osoak eta, honenbestez, helburu hauek ditu Portuak: ardatz atlantikoko trafikoetan Iberiar penintsulako erreferentziako portua izatea, eskualdeko sektore industrial estrategikoen premia logistikoei erantzutea, eta nazioarteko merkataritzan bere bezeroen lehiakortasuna hobetzen jarraitzea. Helburu du, halaber, Bilboko Portuaren bezeroen lehiakortasuna sustatzea eta, hartara, bere eragin-eremuaren garapen sozioekonomikoari laguntzea. Balio nagusiak, berriz, hauek ditu: bezeroarenganako orientazioa; bikaintasuna, etika eta profesionaltasuna; talde-lana; pertsonekiko konpromisoa; eta gizarte-erantzukizuna.