Nordikmaritimek hamabostean edo hogei egunean behin egiten du Bilbo eta Esbjerg (Danimarka) arteko zerbitzua, eta, lau urte eta erdi bete dituen honetan, agerraldi bat egin du Bilboko Portuan.
Lineak aukerako zenbait eskala egiten ditu, hala nola Alemaniako Cuxhaven-eko portuan, bai eta “inducement” bidez Baltikoko, Eskandinaviako eta tarteko beste portu batzuetan ere.
Ontzi-konpainiak linea komertzialki indartzeko etapa berri bati ekin nahi dio, Espainia, Alemania eta Danimarka arteko zerbitzu erregular bakarra delako. Lineak ohiko zama garraiatzen du, eta, nagusiki, bezeroen beharretara egokitzen diren itsasontzietako proiektu-zamak.
Bilboko zama ostegun-ostiraletan jasotzen da, eta asteazken-ostegunetan deskargatzen da Cuxhaven-en edo Esbjergen-en, azken bezeroaren fabrikazioaren arabera.
Arduradunen hitzetan, lau urte eta erdi igaro ondoren “gaur egun Iparralderako noranzkoan egiten den zerbitzu hau erabat sendotuta dago, eta abantaila lehiakor handiak eskaintzen ditu errepide bidezko garraioarekin alderatuta. Abantaila horietako bat iragate-denbora da; izan ere, ez du jasan behar Frantziako
eta Alemaniako errepideetako trafiko astuna, eta ez ditu errespetatu behar gidarien atsedenaldiak, prezio oso lehiakorrak eskaintzeaz gainera”. Horregatik, uneko zerbitzuaren maiztasuna bezeroaren arabera handitzeko aukera ikusten dute, bai eta zerbitzua Hegoalderako noranzkoan egitea ere.
4.000 tona pisu hil duten itsasontzi malguak erabiltzen dituzte, 90 eta 95 metro bitarteko luzerakoak, eta soto bakarrekoak; horri esker, lineak ia edozein dimentsio eta pisutako zamak garraia ditzake. Bilbotik ateratzen diren zama astunetarako “feeder” eragiketak ere eskaintzen ditu, ontzi-aldaketak eginez Europa iparraldeko portuetan, beste kontinente batzuetarako bidean.