• Kontainerren harrera eta entrega eraginkorragoa ekarriko dute sarbide berriek, nabarmen gutxituko da kamioien itxarote-denbora, eta erabat kontrolatuko dira prozesua eta erregistroa, denbora errealean
• 2016-2036 epean Bilboko Portuan inbertitzekoak diren 34 milioi euroetatik, ia 10 milioi 2016tik 2018ra ari dira gastatzen
• Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua Arantxa Tapia izan zen ekitaldiaren buru
Gaur inauguratu du Noatum Container Terminal Bilbaok kamioien sarrera automatizatuaren sistema berria, zeinari esker areagotu egingo baita Bilboko Portuko Agintaritzak martxan jarritako soluzio telematiko osagarrien erabilera.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua izan du buru inaugurazio-ekitaldiak, non beste zenbait agintari eta enpresa-ordezkari ere izan diren; besteak beste, Aintzane Urkijo, Santurtziko alkatea; Asier Atutxa, Bilboko Portuko Agintaritzako (BIP) presidentea; Sun Kai, Noatum Ports-eko kontseilari delegatua; Douglas Schultz, Noatum Container Terminal Bilbaoko administrazio-kontseiluko presidentea; Elvira Gallego, Noatum Container Terminal Bilbaoko zuzendaria; eta José Angel Corres, Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea.
Sartzeko zazpi ate eta irteteko hiru ditu instalazio berriak. Horrez gain, sarrera-kode bidezko kamioientzako zuzeneko sarbide bat ere jarri da. Kontainerren harrera eta entrega eraginkorragoa ekarriko dute sarbide berriek, nabarmen gutxituko da kamioien itxarote-denbora, eta erabat kontrolatuko dira eragiketen prozesua eta erregistroa, denbora errealean.
Gainera, instalazio berriari esker, tren-terminala handitzeko erabiliko dira lehen ateak zeuden eremuak; zehazki, 450 metroko lau bideetakoak. Beste 100 metro luze izango dituzte bide horiek, non, hedapena amaitzean, 550 metrorainoko trenak ibili ahalko diren, bi RMG (Rail Mounted Gantry) garabiren laguntzaz. Kontainerrak pilatzeko eremu bat ere egongo da.
Noatum Ports-eko kontseilari delegatu berriak, Sun Kaik adierazi duenez,“datozen urteotan terminalaren garapena sustatzeko Noatum Portsek Bilboko portuarekiko duen konpromiso erabatekoaren adierazgarri dugu ekitaldi hau. Zuzeneko eragin positiboa izango du garapen horrek Euskadiko enpresa-sarean, esportazioan, enpleguan eta, oro har, gizartean”.
Bilboko Portuko Agintaritzako (BPA) presidentea Asier Atutxak, berriz, beste hau nabarmendu du: “Intermodala izango da Noatum Container Terminal Bilbaoren kontainer-terminala, hots, garraio-bide guztietarako baliagarria: (itsasontzia, kamioia eta trena), eremu logistiko bakar batean. Bestalde, sarbideak hobetzeko inbertsio hori erabakigarria izango da portuaren ahalmena eta hinterland potentziala sendotzeko”.
Terminalean eta plataforman egin diren inbertsioak
Sarbide berrietarako inbertsio guztiak egindakoan, beste 100 metroko luzera erantsiko zaio tren-terminalari. Bi proiektuen artean, lau milioi eurokoa izango da inbertsioa, eta beste sei milioi inbertituko dira ekipamendu osagarrian eta portiko- eta tren-garabiak berritzen. Ezinbestekoak dira inbertsio horiek guztiak terminala etorkizuneko eskakizunetara egokitzeko. 2016-2036 epean Bilboko Portuan inbertitzekoak diren 34 milioi euroetatik, ia 10 milioi 2016tik 2018ra ari dira gastatzen.