Urteroko batzar orokorra egingo du PEMAk, Portuetarako Ekipamenduaren Fabrikatzaileen Nazioarteko Elkarteak, Bilboko Itsas Museoan 2018ko urtarrilaren 30etik otsailaren 1era. Londresen du egoitza aipatutako elkarteak.
Aukera bikaina da topaketa hori networkingerako, PEMAko 100 ordezkari baino gehiago batzartuko baitira. Horrez gain, elkartearen jarduerak eta batzorde teknikoen lana eguneratzeko ere abagune egokia izango da, bai eta portu-terminalen sektoreko mundu osoko zenbait eragile entzutetsuren hitzaldiak entzuteko ere. Bestalde, aurtengo batzarra egiteko Bizkaiko hiriburua hautatu izanak nazioarteko biltzarren zirkuituan jartzen du Bilbo; halaber, sendotu egiten du Bilboko portuak ekonomian duen indar eragilea, eta ekipo-ondasunen esportazioan duen lehiakortasuna eta lidergoa erakusten. Shangain, Dubain, Amsterdamen, Londresen eta Finlandiako Tampere hirian egin dira Bilboko batzarraren aurrekoak.
Elkarte hauetako zenbait goi-ordezkari mintzatuko dira Bilboko batzarrean, besteak beste, FEPORT (Federation of European Private Port Companies and Terminals), ICHCA (International Cargo Handling Co-ordination Association), APM Terminals, Terminal Link (CMA Terminals), Noatum Group eta Sener.
2004ko amaiera aldera sortu zen PEMA (Port Equipment Manufacturers Association), portu eta terminalen sektorerako ekipamenduaren fabrikatzaile diren puntako zenbait enpresaren ekimenez. Helburua plataforma neutral bat sortzea zen, industria hori izate bakarrean bilduko zuena, eta portuen ekipamenduan diharduen komunitatean ezagutza eta harremanak sustatuko zituena.
Elkartea sortu zutenen artean daude, besteak beste, Bromma Conquip, Fantuzzi-Reggiane (egun, Terex Port Solutionsen parte), Hyster Europe, Almar Industries (egun, Cargotec
Corporationen parte) eta Konecranes enpresak. Gerora, elkarteak ateak zabaldu dizkie beste ekipamendu-mota batzuen fabrikatzaileei (garabietarako kableen biribilkagailuak, balaztak, driveak, kableak eta abar), bai eta enpresa teknologikoei eta aholkularitza espezializatukoei ere.
Aipatutakoez gain, beste enpresa hauek ere PEMAko kide dira: ABB Ports, APM Terminals, CES, Craneports, CVS Ferrari, Kalmar, Kranunion, Liebherr, Mafi, Navis, RAM Spreaders, Sany, Terberg, Tratos, Trelleborg eta ZPMC. Espainiako enpresei dagokienez, lau daude elkartean: Paceco España garabi-fabrikatzailea, TEC Container jasogailuen eta segurtasun-ekipoen fabrikatzailea, Railtech Sufetra trenbideetako instalazio finkoetarako produktu-fabrikatzailea eta Ormazábal-Velatia (enpresa industrial eta teknologikoen nazioarteko taldea).
PEMA elkartean, enpresa ugarik dihardute portu-terminaletarako ekipamendu-eskari geroz eta handiagoa asetzeko ekipoak, sistemak eta teknologia diseinatzen eta hornitzen.