Horretan lankidetzarako eta elkarlanerako marko bat ezartzen da, berau beharrezkoa izanik Zorrotzaurreko garapen urbanistikorako.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldian, besteak beste, honako hauek egon dira: Iñigo de la Serna jauna, Sustapeneko ministroa; Iñaki Arriola jauna, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua; Juan Maria Aburto jauna, Bilboko alkatea; José Llorca jauna, Estatuko Portuen Erakundeko presidentea; eta Asier Atutxa jauna, Bilboko Portuko Agintaritzaren presidentea.
Bilboko uriak azken hamarkadetan izan duen birgaitze urbanoaren prozesu trinko eta onartua batez ere historian portu-jarduerei eta industria-jarduerei lotu-lotuta egondako aldeetan oinarritu da. Eta horren barruan dago Zorrotzako penintsulako jarduketa ere. Datozen hilabeteetan irla bihurtuko da Zorrotzaurre Bilboko Udalak sustatutako obren ondorioz. Lehendabizi, Deustuko Kanalean dauden portuko lursailak askatuko dira. Kanala bera artifiziala da eta haren jatorria eta erabilera portuari lotuta egon da mende honen hasierara arte. Lursailak izan duten erabileratik libre geratzeko jarduketa dagoeneko burututa dago eta Zorrotzaurreko Eremu Mistoko Hiri Antolaketarako Plan Berezian ezarritako aurreikuspen urbanistikoari azken ukituak ematea falta da; hau da, portuko ur-laminetan betelanak eginez Deustuko Kanala bideratuta trazatu berri bat eduki beharrari dagokiona falta da.
Hain zuzen, hitzarmen honek egituratu egiten du Deustuko Kanalaren trazatuaren aldaketa fisikoa egiteko erakundeen arteko akordioa. Hitzarmena erakunde hauek sinatu dute: Sustapen Ministerioak, Estatuko Portuen Erakundeak, Bilboko Portuko Agintaritzak, Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak, Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzaileak eta Zorrotzaurreko 1. Jarduketa Integratuko
- Betearazpen-unitateko Kontzertazio Batzordeak. Kanala aldatzeko ur-laminaren zerrenda bitan betelanak egin behar dira.
Guztira eraginpeko aldea ia 50.000 metro karratukoa da eta Bilboko Portuko Agintaritzari esleitutako portu-jabari publikoari dagokio. Horren xedea erribera lerro berri bat eratzea da, onartutako Zorrotzaurreko garapen urbanistikoarekin bat etorrita.
Hitzarmenak, beraz, sinatu duten herri-administrazioek eta erakundeek euren gain hartu behar dituzten konpromisoak xedatzeko eta arautzeko balio du, jarduketa ondo burutzeko eta lankidetzari eta elkarlanari begira marko bat ezartzeko. Hitzarmen honen bidez, alde sinatzaileek, bakoitzak bere eskumenen eta eginkizunen arabera, Deustuko Kanalean betelan-obrak egiteko behar diren jarduketak prestatu nahi dira, baita
obren ondorioz ateratako lursailak desafektatu eta horren ondoren Zorrotzaurreko hirigintza-prozesuan txertatu ere.
Zorrotzaurreko proiektuaren atzean dagoen interes orokorra, Bilboko garapenerako balio estrategiko handia duena, kontuanhartuta, Bilboko Portuaren Agintaritzak jarduketa honetan parte hartzea funtsezkoa da, lortu nahi diren helburuak lortze aldera. Portuko ur-laminan beharrezko lurzorua sortzea da xedea hortik ateratako lurzorua Zorrotzaurreko hirigintza-prozesuan txertatzeko. Horrela bada, erakundeen arteko hitzarmena sinatu ondoren, Bilboko Portuaren Agintaritzak, beharrezko administrazio-baimenak lortu ondoren, Deustuko Kanaleko betelanak egiteko kontratua esleitzeko lizitazio publikoaren deialdia egingo du. Hori etorkizuneko gauzaren salmentaren ondarezko kontratu baten bidez egituratuko da.
Kontratu-prozedura honen ondorioz, kontratuaren adjudikaziodunak, lehentasunez, Deustuko Kanalaren ezkerraldeko betelanen obrak egin beharko ditu. Aurrekontua 20 milioi eurokoa izango da, BEZa kanpo. Gainera, kostuak eta gastuak ordaindu eta jarduketa honi lotutako jarduketa guztiak ere egin beharko ditu. Bere aldetik, Portuko Agintaritzak baimena emango du portu-jabari publikoan betelanak egiteko eta, obra horien ondoren, ateratako lurzoruak ez direla beharrezkoak adieraziko du eta Sustapen Ministerioaren aurrean horien desafektazioa sustatuko du, Estatuko Portuen Erakundearen bidez, bere ondarean jasota
geratzeko. Azkenean, horrek kontratuaren adjudikaziodunari eskualdatuko dio. Honek orduan Zorrotzaurreko Plan Berezian zehaztutako higiezinen sustapenari ekin ahalko dio.
Kontratua arautuko duten baldintzen pleguen onarpenari lotutako aldez aurreko tramiteak egin ondoren, lizitazioa eta esleipena 2018an egitea dago aurreikusita; eta betelanak 2019an hastea eta 2021ean amaitzea. Obrak egin eta gero, desafektazioa egin beharko da eta ateratako lurzoruak enpresa adjudikaziodunari besterenduko zaizkio. Prozesu hori amaitu ondoren, higiezinak eraikitzeko prozesua hasi ahalko da. Azken urrats hori 2022tik aurrera burutzea dago aurreikusita.