Saga Cruises konpainiako Saga Sapphire gurutzaontziak, Pérez y Cía-k kontsignatua, emango dio hasiera Euskadiko denboraldiari datorren igandean, otsailak 25. Eguerdiko 12:00ak baino lehentxeago iritsiko da ontzia (199 m luze) Bilboko Portuak Getxon daukan gurutzaontzi-terminalera, eta 556 bidaiari ekarriko ditu, britainiarrak ia denak.
Portuan igaroko du gaua ontziak Euskadira egiten duen lehen bisitaldi horretan, eta astelehenean, eguerdiko 12:00etan, abiatuko da Málagarantz.
2017an, 61 gurutzaontzi iritsi ziren Bilboko Portura, eta 83.674 bidaiari. Aurtengo denboraldirako ere antzeko kopurua espero du Portuko Agintaritzak, aurreikuspenak aldatu egin daitezkeela jakinik betiere: “Ez da erraza hain zifra positiboak lortzea bi urtez jarraian, baina aurten ere Bizkaiko turismo-sektorearentzat eta, oro har, Euskadirentzat emaitzak positiboak izango direlakoan gaude”.
Bestalde, erabakigarriak izaten jarraitzen dute “lan komertzial sendoak eta bidaiarientzako terminal berriak —OLATUA—, 2017ko martxoan inauguratua”.
Portuko Agintaritzak aurten ere sustatuko du Euskadi, gurutzaontzietarako helmuga erakargarri gisa, martxoan egitekoa den Miami/Fort Lauderdaleko azokan. Hori da, hain juxtu ere, nazioarteko zirkuituko azoka nagusia.
Itsasontzi-konpainia askoren konfiantza du Bilboko Portuak; hauena, besteak beste: Azamara, Celebrity Cruises, Cunard Line, Crystal, Fred Olsen, Hapag Lloyd, Hurtigruten, Majestic International, Marella Cr., MSC, Noble Caledonia, Norwegian, Oceania, Ponant, Pullmantur, Princess Cruises, P&O, Royal Caribbean Cruises Ltd (RCCL), Saga Cruises, Seabourn, Sea Cloud, SilverSea Cruises, TUI Cruises eta Wind Star.
Denboraldi honetan, lehenbiziko aldiz iritsiko dira Bilboko portura dozena bat gurutzaontzi enblematiko, eta, zenbait egunetan, aldi berean bi edo hiru gurutzaontzi egongo dira portuan. Azkenik, beste behin ere, Pullmantur konpainia nabarmendu behar da, zeinak Getxoko portutik ontziratzeko aukera eskaintzen baitu.