OINARRI ARAUTZAILEAK
BILBOKO PORTUA – METROPOLIAREN HEGOALDEKO SAIHESBIDEA
LEHORREKO GARRAIOAREN LEHIAKORTASUNERAKO PROGRAMA
1. Programaren helburua
Bilboko Portuko 2018-2022 aldirako Plan Estrategikoaren baitan honako jarduketa-lerro hau jaso zen: “Portuaren eta dagoeneko existitzen diren beste azpiegitura batzuen arteko konexioa sustatzea, besteak beste, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen 1. fasea”, hartara, errepideko sarbideak hobetzeko asmoz.
Horretarako, Bilboko Portuko Agintaritzaren (BPA) Administrazio Kontseiluak, 2018ko apirilaren 19an egindako saioan, Bilboko Portuko Agintaritzaren eta Interbiaken (Bizkaiko Hegoaldeko Akzesibilitatea SA) arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi zuen, Bilboko Portuaren intermodalitatea eta lehiakortasuna hobetzeko.
Erabaki hori oinarri hartuta, Bilboko Portuko Agintaritzak “Lehorreko Garraioaren Lehiakortasunerako Programa” baliatu du, alde batetik, Bilboko Portuaren eta Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen (ordainpeko alternatiba) arteko konexioa eta, bestetik, e-puertobilbao plataformaren aurreabisu-programaren erabilpena sustatzeko.
Programa honen helburua da portu-eremurako sarbideetan —portu-eremuaren barruan nahiz doako erabilera libreko bide-sareko errepide arruntetan— sortzen diren kamioi ilarak eta itxarote-denborak murriztea.
Horiek horrela, BPAk garraio-ibilgailu astunei pizgarri bat emango die e-puertobilbao plataformaren bidez aurreabisua emateagatik eta Bilboko Portua bidaiaren jatorria edo helmuga denean Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea (ordainpeko alternatiba) erabiltzeagatik.
Bilboko Portuko Agintaritzaren Enpresa Planaren baitan urtero onesten den Lehorreko Garraioaren Lehiakortasunerako Programaren aurrekontuaren indarraldiak baldintzatuko du BPAren eta INTERBIAKen arteko hitzarmen honen betearazpena.
Jarraian, arestian aipatutako helburua betetzeko pizgarriak jasotzeko Oinarri Arautzaileak azaltzen dira.
2. Onuradunek bete beharreko baldintzak
Arestian aipatutako hobariak jasoko dituzte honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek:
- Santurtziko sarbidea erabiliz, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen bidez Bilboko Portura sartzen edo Bilboko Portutik ateratzen diren ibilgailu astunak.
- Onuradunak Bilboko Porturen webgunearen bidez behar bezala alta eman izana.
- Ibilgailu astunak teleordainketa sistema edo gailua erabiltzea (OBE).
- e-puertobilbao plataformaren bidez aurreabisua emateko programa erabili duten ibilgailu astunak.
3. Pizgarria jasotzeko egitateak
Pizgarria jasotzeko bete beharreko egitatetzat joko da garraio-ibilgailu astunek bidesaridun Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea erabiltzea Bilboko Portua jatorri edo helburu duten ibilbideetan Santurtziko sarbidea erabiliz eta e-puertobilbao plataformaren aurreabisu-sistema erabiltzea.
4. Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa
Eskabideak aurkezteko bilbaoport.eus webgunean eskuragarri dagoen alta emateko formulario arautua bete beharko da.
5. Alta emateko modua eta epea
OBE txartelaren titularrak programa honetan alta emateko aukera izango du edozein unetan, 2018ko ekainaren 1etik aurrera eta BPAren eta Interbiaken arteko hitzarmena azkentzen den arte.
Likidazioari eta ordainketari dagokienez, pizgarria jasotzeko kontuan hartuko dira 2018ko ekainaren 30etik aurrera eta BPAren eta Interbiaken arteko hitzarmena amaitzen den arte egindako aurreabisuak/ibilbideak; betiere, 2. apartatuan azaldutako baldintza guztiak betetzen badira.
6. Pizgarria emateko prozedura
Alta emateko formularioa bete ostean, prozesua zuzen gauzatu dela baieztatzen duen jakinarazpen bat jasoko du eskatzaileak. Horrenbestez, pizgarria jasotzeko eskubidea duten Eskatzaileen Erregistro batean sartuko da. Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako pizgarria Eskatzaileen Erregistroan barne hartuta dauden eta 2. apartatuko betekizun guztiak betetzen dituzten erabiltzaileei ordainduko zaie. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
7. Aurrekontu-kreditua
BPAk urtean 100 mila euroko gehieneko zuzkidura jarri du programa honen esku 2018ko, 2019ko, 2020ko eta 2021eko ekitaldietarako.
8. Onuradun bakoitzeko pizgarriaren kalkulua
Urtean gehienez ere 100 mila euro banatuko dira onuradunen artean. Horretarako, ekitaldi bakoitzean, 2. apartatuan jasotako baldintzak betez, Santurtziko sarbidetik Bilboko Portura egindako sarrera eta irteera guztiak zenbatuko dira. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Horretarako homologatutako enpresa independente batek ziurtatuko ditu urteko zuzkidura ekonomikoaren banaketaren datuak.
Aurreabisu/ibilbide bakoitzeko zuzkidura ez da 0,75 baino gehiago izango. Programa dagoeneko hasita badago eta BPAk ikusten baldin badu 100 mila euroko aurrekontu-kreditua ez dela osorik erabiliko, gehieneko zenbateko hori beste atalase-maila altuago batera igo ahal izango du hurrengo urterokoetarako.
9. Pizgarria ordaintzea
Hobari hauek urtean behin ordainduko dira eta, horretarako, ordainketa bakarra egingo da ekitaldi bakoitza amaitu eta hurrengo 31 egunetan. Alta emateko formularioan onuradunak adierazitako banku-kontuan egingo da ordainketa.
10. Informazioa emateko betebeharra
Programa honetan alta eman duten onuradunek idatziz jakinarazi beharko dute etorkizunean gerta daitekeen edozein aldaketa (matrikula-zenbakia eta OBE zenbakia), eskaera egiteko unean emandako informazioaren desberdina baldin bada.
Hala egin ezean, aurreabisuak/ibilbideak zenbatzeari utziko diogu titular horri dagozkion ordainketa eta likidaziorako kalkuluetan.
Matrikula edo OBE zenbakia aldatu egin dela jakinarazteko mezu elektroniko bat bidali beharko da helbide elektroniko honetara: administrazioa@bilbaoport.eus
11. Indarrean sartzea eta indarraldiaren amaiera
Programa hau 2018ko ekainaren 30an sartuko da indarrean eta indarrean sartzen denetik lau urteko epean amaituko da.
12. Araubide iragankorra
2018ko ekitaldirako urteko 100 mila euroko aurrekontu-kreditua hainbanatu egingo da programa hau indarrean sartzen den egunetik 2018ko abenduaren 31ra arteko aldia kontuan hartuta.
13. Datuen babesa
13.1. Tratamenduaren arduraduna
Identitatea: Bilboko Portuko Agintaritza
IFK: Q4867002J
Posta-helbidea: Campo de Volantín pasealekua, 37. 48007 Bilbo
Telefono-zenbakia: 944871200
Datuen Babeserako delegatua: Bilbaoport webgunean adierazitakoa
13.2. Tratamenduaren xedea
Bilboko Portuko Agintaritzak konfidentzialtasun osoz tratatuko du ematen diguzun informazio guztia. Bilboko Portuaren eta Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen arteko lehorreko garraioaren lehiakortasunerako programa garatzeko xede bakarrarekin tratatuko du informazioa.
Ez da profil automatizaturik egingo.
13.3. Datuak gordetzea
Bilboko Portuaren eta Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen arteko lehorreko garraioaren lehiakortasunerako programak irauten duen bitartean gordeko dira emandako datu pertsonalak.
Programa amaitzen denean, Bilboko Portuko Agintaritzak datuok gorde ahal izango ditu anonimotasuna gordez eta estatistika-ondorioetarako.
13.4. Tratamenduaren legitimazioa
Zure datuen tratamendurako oinarri legala Bilboko Portuaren eta Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen arteko lehorreko garraioaren lehiakortasunerako programan parte hartzeko formularioaren bidez eskatzen den baimena da.
13.5. Datuak ematea
Ematen dizkiguzun datuak Interbiak Bizkaiko Hegoaldeko Akzesibilitatea SAri jakinaraziko zaizkio, Bilboko Portuaren eta Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen arteko lehorreko garraioaren lehiakortasunerako programaren oinarri arautzaileetan jasotako 2. puntuan deskribatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
13.6. Ukituaren eskubideak
Bilboko Portuko Agintaritzak bere datu pertsonalak tratatzen dituen edo ez jakiteko eskubidea dauka interesdunak.
Halaber, okerreko datuen zuzenketa eskatzeko eskubidea dauka. Era berean, datu zehaztugabeak zuzentzea eska dezake edo, hala badagokio, datuak ezabatzea, datuak jaso ziren xederako beharrezko ez direnean, besteak beste.
Egoera jakin batzuetan, interesdunak bere datuen tratamendua mugatzea eska dezake. Horrela bada, erreklamazioak egiteko edo erreklamazioen defentsarako baino ez dira datuok gordeko.
Egoera jakin batzuetan eta interesdunaren egoera pertsonalari lotutako arrazoiengatik, interesdunak euren datuak tratatzearen aurka egin dezake. Bilboko Portuko Agintaritzak datuak tratatzeari utziko dio, salbu eta ezinbesteko legezko arrazoiak badaude edo erreklamazioak egin edo erreklamazio horiek defendatu behar badira.
Interesdunak indarreko legerian jasotako eskubideak baliatu ahal izango ditu Bilboko Portuko Agintaritzaren aurrean. Horretarako idazki bat aurkeztu beharko du erregistro orokorrean (Hedapenaren kaia, Ugaldebieta sarbidea, 48980 Santurtzi) edo Erregistro elektronikoan.
Informazioa eta argibideak:
94 487 12 86