Euskalduna Jauregiaren eta Portuko Agintaritzaren laguntzarekin, Itsas Museoak Belakluba sortu du. Neska-mutikoak bela-nabigaziora erakartzea du xede ekimenak, non haurren tamainara egokitutako ontziak erabiltzen baitira.
Euskalduna Jauregiko urmaela badia bihurtuko da asteburuetan, eta han nabigatuko dute eskalara egindako belaontzi horiek. Haurrentzako ontziak izan arren, haien patroiek ere gai asko menderatu behar dituzte: haizea, ontziaren noranzkoa, benetako ontzietan belak nola prestatu… Horregatik, denbora-pasa hutsa baino zerbait gehiago da, eta zaletasun beraren inguruan bil ditzake helduak eta haurrak.
Baina txikienak dira klubaren benetako sustatzaileak, eurak izango baitira Belakluba elkarteko bazkideak; helduak, berriz, neska-mutikoen laguntzaileak.
Izena emateko, aski da Belakluba.eus orrira sartzea eta alta ematea. Prezioa, sinbolikoa da: 15 euro urteko. Tasa hori ordainduta, bazkide-txartela jasoko duzu, Euskalduna Jauregiaren urmaelean nabiga dezazun; horrez gain, klubak antolatzen dituen gainerako jardueretan ere har dezakezu parte (lantegiak, mintegiak…). Itsas Museoaren adiskidetzat ere bereizten zaitu txartelak.
Eskalako belak tamaina errealekoaren printzipio berak ditu: talde-lana, esfortzuaren kultura, konfiantza, irmotasuna, gauzak ondo egiteko ohitura…
Bestalde, hobetu egiten ditu erabakiak hartzeko eta autonomia zein gaitasun pertsonala izateko trebeziak; trebetasun motorrak garatzen ditu, jarduera praktikoa izaki, eta naturaren indarrak ulertzen eta haiez baliatzen laguntzen du.
Gainera, gehienetan familia-giroan praktikatzen denez, estutu egiten ditu helduen eta haurren arteko loturak.