Hamabi zerbitzu eskaintzen ditu, eta 750 enpresak baino gehiagok trukatzen dute beren informazioa plataformaren bidez
Abenduan, hamabost urte betetzen dira e-puertobilbao plataforman lehenengo zerbitzua martxan jarri zenetik: itsasontzien sarrerak/irteerak kudeatzeko zerbitzua (Eskala Prozedura Integratua – PIDE), Portuko Agintaritzak gidatuta. Portutik pasatzen diren itsasontzi eta salgaiak azkarrago eta eraginkorrago kudeatzea lortu da plataforma honen bidez, eta horrek aukera eman die enpresei eta portuari berari gero eta lehiakorrago izaten.
Urte horietan, zerbitzu-kopurua, plataformara konektatutako enpresa-kopurua, erabiltzaile ziurtatuak eta trukatutako mezuak gehituz joan dira. Plataforma martxan jarri zenean, zerbitzu bakarra eskaintzen zuen, eta 30 enpresa zeuden hari konektatuta; gaur egun, berriz, hamabi zerbitzu ditu, eta 750 enpresak baino gehiagok erabiltzen dute plataforma informazioa haren bidez trukatzeko.
Horrekin batera, urte hauetan guztietan, bezero-komunitate bat sortuz joan da e-puertobilbao plataformaren inguruan. Bezero horiek paper bidezko informazio-trukea zuten lanerako oinarri; gaur egun, berriz, datu-trukea elektronikoki egiten dute, formatu edo mezu elektroniko normalizatuak erabiliz. Horrek guztiak abantailak ekarri ditu: prozesuak erraztu dira, informazioa bizkor iristen da, irisgarria eta eskuragarria da, eta, beraz, lan-ingurune gardenago bat lortu da.
Plataforma beti bizirik egon da, eta etengabe hobetuz joan da. Orain, ordea, teknologikoki berritzeko asmoa dago, bai hardwareari dagokionez, bai softwareari dagokionez. Horretarako, Bilboko Portuak kontsulta egingo die bezeroei, 15 urte hauetako esperientzia aintzat hartzeko; horrez gain, sortu diren negozio-behar berriak eta prozesuei eusteko teknologia berriak hartuko dira kontuan berritze-fasean. Hori guztia etorkizunari begira, kontuan hartuta digitalizazioa bide luze bat dela eta Bilboko Portuaren zerbitzuen lehiakortasunean eragin handia izaten ari dela eta izango duela.
Proiektu honek, zerbitzuak garatzeko eredu gisa, Jardunbideak Bateratzeko Taldeak (GAP Bilbao, portuko komunitateko enpresek osatutako taldea) jarritako irizpideak hartu ditu kontuan. Zerbitzuak zuzen-zuzenean loturik daude BPAren negozio-garapenaren estrategiarekin, eta, era berean, Bilboko Portuko enpresen beharrei erantzuten diete.
Hauek dira une honetan Bilboko Portuko portu-komunitate logistikoko enpresentzako zerbitzuak:
- Itsasontzien sarrerak/irteerak kudeatzeko zerbitzu integratua (PIDE).
- Merkantzia arriskutsuak kudeatzeko zerbitzua.
- Aitorpen laburrak kudeatzeko zerbitzua.
- Karga-agiriak kudeatzeko zerbitzua.
- Muga Ikuskaritzako Postuko (MIP), aduana-esparruko ikuskapen-zentroko (CIRA) eta Scanner-eko edukiontzien kokapena koordinatzeko zerbitzua.
- Errepide bidezko garraioa sartuko dela portuko kontrolguneari jakinarazteko aurreabisu-zerbitzua eta terminaletako ateak kudeatzekoa Gailu mugikorretarako bertsioak ere baditu (Android-erako eta IOs-erako aplikazioak)
- Karga-zerrendak edo esportaziorako paperik gabeko segimendua.
- Onartzekoen eta entregatzekoen zerbitzua.
- Sarrera Aitorpen Laburra (ENS) kudeatzeko zerbitzua.
- Irteera Aitorpen Laburra (EXS) kudeatzeko zerbitzua.
- Pisu egiaztatua kudeatzeko zerbitzua.
- Leku-erreserben zerbitzua eta garraio-jarraibideak.