Bilbao Portlab-ek Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 64 bis artikuluari buruzko jardunaldia egin du portuko komunitateko enpresentzat, Portuko Agintaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lawesome Legal Services-en ordezkariek hizlari gisa parte hartu dutela.
Bilbao Portlab-en helburua portuko eta trenbideko logistika-sektoreari aplika dakizkiokeen irtenbide berritzaileak garatzen laguntzea da, eta, Nagore Ardanza bere arduradunaren arabera, “64 Bis artikuluan, enpresek aukera garrantzitsua dute alderdi guztiei mesede egiteko, eta, horregatik, jardunaldi hau antolatu dugu elkar ezagutu eta zabal dadin”.
Jardunaldiaren hasieran, BPAko ekonomia- eta finantza-zuzendari Ekaitz Lópezek Bilbao Portlab-ek Bilboko Portuan berrikuntza irekia bultzatzeko eta errazteko egindako lana azaldu du. Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaiko Erakarpeneko zuzendari Koldo Atxutegik eta Ogasuneko zuzendari nagusi Iñaki Alonsok, bestalde, artikuluaren aplikazioa eta eskaintzen dituen aukerak azaldu dituzte; eta Lawesomeko bazkide Amaia Legorburuk kasu praktiko batzuk aurkeztu ditu.
64 bis artikuluak aukera ematen die enpresei berrikuntzan eta garapenean laguntzeko. Horrela, mozkinak sortzen dituen eta Sozietateen gaineko Zerga ordaindu behar duen enpresa batek beste enpresa baten proiektua edo startup finantzatu dezake proiektuak sortzen dituen I+G+Bgatiko kenkarien truke. “Eskema bat da – agertu dute -, eta horren arabera, proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen enpresak itzuli beharrik gabeko dirua ematen du proiektuaren
zati bat finantzatzeko, proiektuak sortutako I+G+Bko kreditu fiskala bere sozietateen gaineko zergaren kuotatik kentzearen truke, emandako zenbatekoen % 120ko mugarekin. Bestalde, startup-ek eta berrikuntza-proiektua garatu nahi duten enpresek doako finantzaketa lortzen dute “.
Zerga-oinarri positiboa duten Bizkaiko enpresek, berrikuntzaren finantzatzaile eta I+G+B garatzen duten enpresa izan nahi badute, eta 64 Bis artikuluaren bidez finantziazioa jaso nahi badute, informazio gehiago eska dezakete helbide honetara mezu bat bidaliz: bilbaoportlab@bilbaoportlab.eus