Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Portuko Agintaritzak lankidetza-hitzarmena berritu berri dute; hitzarmen horri esker, foru-suhiltzaileek portuko instalazioetan gertatzen diren larrialdi-egoerak prebenitzen eta horiei erantzuten jarraituko dute, portuko esku-hartze talde gisa.
Aurten bost hamarkada bete dituen lankidetza horri esker, Bilboko Portua lehenengo tokian dago estatuko portuetan salgai arriskutsuek sor ditzaketen ezbeharrei erantzuteko gaitasunaz denaz bezainbatean.
Bilboko Portuko Agintaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak beste lau urterako berritu dute lankidetza-hitzarmena. Horren bidez, foru-erakundearen Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamenduko Zerbitzuak portuko instalazioetan gertatzen diren larrialdiak prebenitzen eta horiei erantzuten jarraituko du, bai eta ontzietakoei ere. Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak eta Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak sinatu dute lankidetza-hitzarmena, 1.260.000 euroko zenbatekoaz hornituta dagoena. Zenbateko hori lau urtetan transferituko dio portuko agintaritzak Foru Aldundiari. Urtekoen zenbatekoa igo da aurreko hitzarmenean jasotakoaren aldean, 300.000 eurotik 315.000 eurora.
Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileak Bilboko Portuko esku-hartze talde gisa eratuko dira, eta portu-eremuan gertatutako suteei eta ezbeharrei erantzungo diete; bestalde, arriskuak prebenitzeko ekintzetan, alarma, ebaluazio eta sorospen ekintzetan, bai eta bai eta suteak itzaltzeko ekintzetan, erreskate, salbamendu eta funtsezko zerbitzuak leheneratzeko ekintzetan ere, autobabeseko funtzioak hartuko dituzte euren gain.
Gainera, Bilboko Portuko Agintaritzarekiko lankidetzan arituko dira, ezbeharrak ikertzen eta aztertzen, prebentzio- eta prestakuntza-ikastaroak egiten, obra berriei buruzko proiektuak eta txostenak prestatzen edo suteen aurkako instalazioak berritzen, eta entrenamendu-maniobrak eta simulakroak egingo dituzte elkarlanean. Era berean, arriskuak prebenitzeko eta ahalik eta gehien txikiagotzeko neurri gisa, suhiltzaileen prebentziozko zaintza-taldeak egongo dira, beharrezko baliabide teknikoak dituztela, arrisku bereziko merkantzien zamalanetan.
Beste alde batetik, Bilboko Portuko Agintaritzak konpromisoa hartu du Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileei ekipo teknikoak eta prestakuntza espezifikoa emateko portuan gerta daitezkeen ezbeharretan esku hartzearen inguruan, portuko eremuaren berezitasunak direla eta.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamenduko Foru Zerbitzuak hainbat suhiltzaile-etxe ditu Bilboko Portuaren zerbitzu-zonatik hurbil.
Gainera, portura azkar batean iristeko aukera ugari ditu, bereziki, Uriosteko suhiltzaile-etxetik. Horri guztiari esker, portuko instalazioetan sor litezkeen larrialdi-egoerei erantzun egokia eman dakieke.
Honako lankidetza-hitzarmen honi esker, Bilboko Portua lehenengo tokian dago estatuko portuetan salgai arriskutsuek sor ditzaketen ezbeharrei erantzuteko gaitasunaz denaz bezainbatean.
25 urteko lankidetza
Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Portuko Agintaritza 1996. urteaz geroztik ari dira arlo horretan elkarlanean, Bilboko Portuko Agintaritzaren eskumen-eremuan segurtasuna indartu duten zenbait lankidetza-hitzarmenen bidez. Elkarrekin egindako lan horren emaitza bikainak ikusita, bi erakundeek lau urteko indarraldia izango duen hitzarmen berria sinatu dute.
2017 eta 2021 urteen arteko azken lankidetza-hitzarmena dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamenduko Foru Zerbitzuak arnasketa-ekipoz beteriko edukiontzi bat jaso zuen: aire arnasgarriko konpresoredun eta botilak kargatzeko arrapaladuna; arnasketa-ekipo autonomoak: 120 bizkarreko, 45 botila, 180 erreguladore eta 600 arnasketa-maskara; arnasketa-maskaretan txertaturiko komunikazio-ekipoak; Norbera Babesteko Ekipoei eta beste ekipo batzuei kutsadura kentzeko kabina bat, eta arrisku kimikoen aurkako materialak eta ekipoak: kutsadura kentzeko dutxa, hidrokarburo-ihesak xurgatzeko gurdia eta NRBQ jantziak.