Hiru administrazioek lankidetza-hitzarmena sinatu dute eta, horren bidez, elkarrekin lan egingo dute, bakoitzak bere eskumenen barruan, bulebarra eta Erandio eta Barakaldo arteko zubi mugikorra eraikitzeko proiektuetan.
Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, Ricardo Barkalak, Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak, eta Aitziber Olibanek, Erandioko alkateak, Bilbo eta Getxo arteko itsasadarraren eskuineko ertzeko bulebarra eta Erandio eta Barakaldo arteko oinezkoentzako zubi mugikorra egiteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute.
Hiru administrazioen lana koordinatzeko hitzarmen honen bidez prozedura partekatu, kolaboratibo eta erantzukidea ezartzen da, administrazio bakoitzaren eskumen-oinarriaren gainean. Horrela bi proiektuak behar bezala garatu eta burutuko direla bermatzen da.
Alderdi garrantzitsuenen artean, Foru Aldundiak bere gain hartzen du eraikuntza-proiektuak egitea eta onartzea, bai eta proiektu horiek finantzatzea, lizitatzea, kontratatzea, gauzatzea, likidatzea eta zuzentzea ere. Portuko Agintaritzak bere gain hartzen du bi proiektuak garatuko diren erriberako hormen egoeraren berrikuspena eta merkataritza-ontzien nabigazioa eta ibaiertzeko hormen egiturazko egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko beharrezko baldintzak eta eskakizunak ezarriko ditu. Eta, azkenik, Erandioko Udalak konpromisoa hartu du obrak egiteko behar diren lizentziak ahalik eta lasterren izapidetzeko eta, obrak amaitu ondoren, bere gain hartuko du BI-711 errepideak udalerriaren parean dituen 3.552 metroei dagozkien lurzoruen titulartasuna.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldian Imanol Pradalesek administrazioen arteko lankidetza eskertu eta balioetsi du, bulebarra eta zubi mugikorra egitea errazten duelako. Foru diputatuak esan du lankidetza-hitzarmen hau beste urrats bat dela bi ertzetako bizikleta- eta oinezko-sareak lotuz helburutzat mugikortasun jasangarria sustatzea duten bi proiektuak gauzatzeko; gogorarazi du proiektuen xedea dela, halaber, itsasadarra metropoli-inguruneko udalerrien ardatz egituratzaile gisa indartzea.
Ricardo Barkalak, Portuko Agintaritzako presidenteak, Bizkaiko Foru Aldundiari ekimen garrantzitsu honengatik zorionak eman ondoren, aurrera egin ahal izateko erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, kasu honetan bezala, iraunkortasunak eta berrikuntzak gure herri eta hirietako bizi-kalitatea hobetzea ahalbidetzen duten proiektuak sortzeko aukera ematen dutenak. Barkalaren ustez horrelako jarduerek ibaiertzeko udalerrietako biztanleek berriro itsasadarrari begiratzeko eta itsasadarraz gozatzea lortzeko balio dute, aldi berean Bizkaia jasangarriagoa eraikitzen dugun bitartean.
Aitziber Olibanek, Erandioko alkateak, esan du zubiak eta bulebarrak udalerriaren hiri-eraldaketa berria ekarriko dutela, Metroaren lurperatzearekin alderatu daitekeena, Lutxana eta Altzaga itsasadarrean egiten diren jardueretara hurbilduz eta espazio horretaz are gehiago gozatzeko aukera emanez. Era berean, Olibanek zubiak eta bulebarrak udalerriko industria-tradizioa errespetatzearen garrantzia azpimarratu du.
Bulebarrari dagokionez
Itsasadarraren eskuinaldeko bulebarraren proiektuak itsasadarreko BI-711 errepidea, portuko zirga-bide zaharra, motordun zirkulazio barearekin batera bizikleta eta oinezkoen mugikortasunerako ardatz bihurtzea proposatzen du. Gaur egun hori zehaztuko duten azterlan eta proiektu teknikoak garatzen ari dira, Bulebar batean gauzatu beharko direnak, oinezkoentzako pasealekurako, bizikleta-bizikletentzako, motordun zirkulaziorako erreietarako, oinezkoentzako espaloirako eta aparkatzeko guneetarako bereizitako espazioak izango dituena neurriek horiek elkarrekin garatzea ahalbidetzen duten tokietan.
Zubi mugikorrari dagokionez
Itsasadarreko errepidea bulebar bihurtzeko prozesua osatzeko Aldundiak bi ertzetako bizikleta- eta oinezko-sareak lotuko ditu, eta bizikleta- eta garraio-publikoaren arteko intermodalitatea indartuko du Erandio eta Barakaldo arteko zubi baten bidez. Azpiegitura berri hau egiteko portu-jarduerarako itsasadarraren ibilguaren nabigagarritasuna bermatu behar da.
Mike Schlaich ingeniariak egindako zubiaren behin-behineko proiektua astearte honetan bertan onartu da Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluan eta, beraz, datozen egunetan irekiko da jendaurreko informazioaren fasea.