Bilboko Portuak eta Mercabilbaok Fruit Logistica Berlinen parte hartuko dute apirilaren 5etik 7ra, fruta eta barazkien trafiko berriak erakartzeko. Ekitaldi hau sektoreko Europako topagune nagusia da eskaintza eta eskaria hurbiltzeko. Bizkaiko ordezkariek bi azpiegituren indarguneak eta dituzten zerbitzuak ezagutaraziko dituzte. “Helburua – Bilboko Portuko Agintaritzatik diotenez – merkatua zabaltzea da, eta operadoreei Espainiako iparraldean dugun posizioa helaraztea, Hego Amerikaren eta Europaren arteko atea izatea ahalbidetzen diguna”.
Bere itsas zerbitzuen kopuru zabalari, eskaintza intermodalari, galkorren trafikoan izandako esperientziari eta hotzetarako azpiegiturei esker, Bilboko Portuak Erdialdeko Amerika, Hego Amerika eta Hego Afrika bezalako lekuetako barazki- eta fruta-trafikoa bideratzen du, baita Espainiako hainbat lekutakoa ere, Europa eta Penintsulako beste leku batzuetara. Merkatuen artean, Erresuma Batua eta Irlandako Errepublika nabarmentzen dira, eta horiekin Bilboko Portua aitzindari da Espainiako itsas garraioan.
Inportaziotik eta esportaziotik eratorritako trafikoei erantzuteko zerbitzuen artean, nabarmentzekoa da bezeroei prozesuak eta eragiketak arintzeko eskaintzen dien plataforma telematikoa.
Azpiegiturei dagokienez, Estatuko iparraldeko edukiontzi-terminal garrantzitsuena du Bilboko Portuak, eta, aldi berean, sakonera handienekoa, CSP Iberian Bilbao Terminalak kudeatua. Terminala Europako iparraldeko portu nagusiekin lotuta dago, 540 entxufe-hartune ditu reefer edukiontzietarako, eta sarbide automatizatu bat du, eragiketa guztia bizkortzen eta errazten duena, produktu freskoen garraiolariena barne; eta 550 metro eta lau bideko tren-terminal bat ere badu.
Portu honek, gainera, ro-ro eta xede anitzeko terminalak eta galkorrentzako biltegiak ditu. Alde batetik, Frioport hotz-terminalak 4.800 metro koadro ditu, bi izozte-ganbera -25 gradutan, 16.300 metro kubiko, eta hiru hotz positiboko ganbera, 7.500 metro kubikorako edukierarekin.
Progecok, berriz, salgaiak biltegiratu eta lekuz aldatzeko bi instalazio ditu, 6.000 metro koadroko hotz positiboa osatzen dutenak. Gainera, hozkuntzako edukiontziak biltegiratu, mantendu eta konpontzen ditu. Horretarako, egituran eta hozteko makinetan edozein gorabeheren ardura hartzen duten profesionalak ditu. Profesional horiek urteko 365 egunetan lan egiten dute ontzi-enpresei eta sektoreko bezero guztiei zerbitzua emateko, hotz-katearen itxaronaldiak eta hausturak saihesteko. Progeco da fabrikatzaile nagusien (Carrier, Thermoking, Star Cool eta Daikin) dealer (zerbitzu tekniko ofiziala) bakarra Espainiako iparraldean.
Era berean, Bilboko Portuak Border Control Point / Mugako Kontroleko
Postu bat (MKP) du, Espainiako portuen artean abangoardian dagoena; edukiera handiko instalazio bat, 16 sarbide dituena; 24 orduz funtzionatzen duena, eta gaikuntza hauek eskaintzen dituena: PCF, deskarga-portua, PED (sarrera-puntu izendatuak), PED/PDI (Zenbait hirugarren herrialdeetako elikagaien kontrolerako puntuak), erradioaktibitatea, RAH (Gaitutako Aduana-Barrutiak) eta PPI (Lehen aldiz Sartzeko Puntuak).
Mercabilbao
Mercabilbao Iberiar Penintsulako iparraldeko eta Frantziako hegoaldeko elikagai galkorren banaketa-zentrorik handiena da, bere kokapen estrategikoari esker; Paris-Hendaia-Madril ardatzaren elkargunetik oso gertu dago, Kantauriko autobiaren ondoan, eta zuzeneko lotura du autobide-sarearekin; izan ere, autobide horiek, Bilboko Portuarekin batera, kokapen ezin hobean jarri dute kalitatezko nazioartekotze-estrategia eraginkorra gauzatzeko.
Alde horretatik, lehiarako abantaila da barazki- eta fruta-sektoreko operadoreentzat, bai baliabideen, ekonomiaren, denboraren, eskura dauden azpiegituren edo biltegi logistikoen ikuspegitik. Hain zuzen ere, 2021ean, Mercabilbaok 234.119 tona fruta eta barazki merkaturatu zituen, bere 50. urteurreneko urtean kopuru historikoak.
Bilboko Portuarekin aliantza horrek lehiarako abantaila bat dakarkio Elikagaien Unitateari barazki- eta fruta-produktuen trafikoa erakartzeko. Horri esker, Europako eta Ameriketako beste merkatu batzuekin harremanetan jar daiteke, batez ere Euskadi Akitania Euro-Eskualdeko jarduera bateratuen esparruan. Mercabilbaok eta Bordeleko Merkatu Nagusiak lankidetza estuan dihardute jarduera bateratuak garatzeko eta gizarteari zerbitzu hobea emateko.