Martxoaren 16tik 19ra Veronan egingo den Italiako logistika-azoka nagusian izango da Bilboko Portua, LETExpo – Logistics Eco Transport-en. Italia osoan jarduten duen Logistika Intermodal Jasangarriaren Elkarteak –ALISek- bultzatuta, LETExpok erreferentziazko ekitaldia izan nahi du logistikaren, garraioaren eta intermodalitate iraunkorraren sektoreko Italiako eta nazioarteko eragile nagusientzat.
Bilboko Portuko ordezkariek portu iraunkorragoa eta berritzaileagoa izateko egiten ari diren proiektuak aurkeztuko dituzte azoka horretan, baita mota guztietako trafikoentzako eskaintza ere.
Gainera, Finnlines ontzi-enpresak eta Bilboko Portuko Agintaritzak ALIS elkartean duten lankidetzari esker, ro-ro eragiketen balio-katearen indarguneak aurkeztuko dira “A Team Ready To Roll – Navigando Insieme” lemapean. Toro y Betolaza, Condeminas eta Ewals enpresetako ordezkariek Bilboko Portuko Agintaritzari lagunduko diote Veronan.
Bilbo Distantzia Laburreko Itsas Garraiorako hub estrategikoa da, eta eskaintza intermodal zabala du, bere trenbide-loturei esker. Hori dela eta, funtsezko lotura da ingurumenerako jasangarriak diren logistika eta nazioarteko garraioa garatzeko. Europa kontinentaleko 207 portutara eta
Erresuma Batuko eta Irlandako 66 portutara konektatuta dago. Trafiko mota guztientzako zerbitzuak ditu, ibilgailuen trafikorako barne. Iaz, guztizko trafikoa % 6 hazi zen, eta ibilgailuena, % 25.
LETExpo
Azokak iraungo duen lau egunetan, logistikaren erronkei buruzko hitzaldi- eta workshop-programa interesgarria egingo da. Bilboko Portuko Agintaritzak “European Seaport& Shipping” saioan parte hartuko du martxoaren 17an, Igoumenitsa, Hanko, Central-Northern Tyrrhenian eta Valentzia portuekin, Garraioaren Teknologiaren Cluster Italiarrarekin eta Assoporti Italiako Portuetako Elkartearekin batera.