Portuko komunitateko hogei bat profesionalek parte hartu dute gaur Bilbon, Portuko Agintaritzak koordinatutako itsas kutsaduraren aurkako simulakroan. Itsasmuseumaren inguruan egin da ariketa, Ramón de la Sota kaitik hurbil, eta bertan, arrakastaz probatu dira Bilboko Portuko Ustekabeko Itsas Kutsaduragatiko Barne Plana, agenteen arteko koordinazioa eta itsasadarreko ustekabeko kutsadura-egoera bati erantzuteko ekintza.
11:30ean hasi da simulazioa, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izan du. Portuko Agintaritzaren, Bilboko Portuko Amarratzaileen eta Atoiontzien ontziak erabili dira. Zabaldutako taldearen lehenengo jarduera garrantzitsuenetariko bat 400 metroko euste-hesi bat jartzea izan da, ondoren itsas ingurunean hidrokarburoak mekanikoki biltzeko eta eusteko beste baliabide batzuk erabiltzeko.
Bilbokoa da Europan horrelako larrialdiei aurre egiteko baliabide gehien dituen portuetako bat. Itsas kutsaduraren aurka borrokatzeko, Portuko Agintaritzak dagoeneko baditu guztira 2.050 metroko euste-hesiak osatzen dituzten bost edukiontzi. Ekipamendu horrez gain, portuan dauden industria-enpresen hesiak ere badaude, hala nola Petronorrenak, Tepsarenak eta Eserguirenak, baita Amarradores y Remolcadores Ibaizabalen baliabideak ere. Salgai arriskutsuek sor ditzaketen ezbeharrei erantzuteko gaitasunari dagokionez, Bilboko Portua Estatuko portu-sistemaren buruan dago.