Europako Batzordeak Bilboko Portuko kaiak elektrifikatzeko proiektua (BilbOPS) aukeratu du Connecting Europe Facility (CEF) mekanismoaren barruan diru-laguntzaren xede diren Europako 135 ekimenetako bat izateko.
CEF-ren 2021-2027 deialdira, hain zuzen ere, Espainiako parte-hartzea duten 45 proiektu aurkeztu dira, eta zazpik bakarrik gainditu dute lehen fase hori. Orain, administrazio-izapideak egin ondoren berrestea espero da.
Bilboko portuko ontzien sare elektrikorako konexioa Portuko Agintaritzak sustatutako proiektu bat da, eta 36 erakunde, ontzi-enpresa, Europako portu, portuko komunitateko kluster eta erakunderen – inguruko udalerriak barne – laguntza jaso du. 51,8 milioi euroko inbertsioa behar du, eta dagoeneko 4,3 milioi euroko diru-laguntza du A5 kai berrirako, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez. Egungo ebazpenak % 30eko diru-laguntza ekarriko luke, hau da, 14,2 milioikoa, Bilboko portuko gurutzaontzi, ferry eta edukiontzi kaietarako.
“Aukeratutako proiektuak”, adierazi du Europako erakundeak, “CEF-ren esparruan argitaratutako proposamen-deialdiei erantzunez aurkeztu ziren. Europako Batasunak garraio-azpiegituretan inbertsio estrategikoa egiteko duen finantziazio-tresna da CEF”. Bruselak azpimarratu duenez, hautatutako proiektu guztiak “Europaz gaindiko garraio-sarean daude”, eta gogorarazi du bere helburua “2030erako sare nagusia eta 2050erako sare orokorra osatzea dela, eta, aldi berean, bere azpiegiturek Europar Batasunari helburu klimatikoak betetzen lagunduko diotela, Europako Itun Berdean ezartzen den bezala”.
Portuko Agintaritzaren proiektua kaiak elektrifikatzeko OPS (onshore power supply) izeneko teknologia hedatzean datza. 2025ean erabilgarri egongo den teknologia horri esker, ontziak sare elektrikora konektatu ahal izango dira, diesel motor osagarriak itzalita. BilbOPS izeneko proiektu honi esker, bibrazioak, eta zaratak murriztuko dira, baita berotegi-efektua eragiten duten gasak % 40 ere. Ekimen horrekin eta beste neurri osagarri batzuekin, Portuko Agintaritzak espero du Europako Batasunak 2030erako ezarritako % 55eko emisioen murrizketa lortzea.
Proiektuan energia berriztagarriak sortzeko instalazioak ere sartzen dira, hala nola eguzki-energia fotovoltaikoa, olatu-energía eta eolikoa. Ordezko erregaien arloko zerbitzu berri horrek energia-trantsizioa bizkortzen lagunduko du beste proiektu batzuekin, hala nola hidrogeno berdearekin erregai sintetikoak ekoizteko Petronorren instalazio berria.
Kai-mutur Nagusiaren lehen fasea, EBren laguntza duen beste proiektu bat
Duela gutxi, Portuko Agintaritzak Europako Batzordeak finantzatutako beste proiektu bat gauzatu du, kasu honetan, 2014ko “Connecting Europe Facility” deialdian, eta inbertsioaren % 20 eman du. Kai-mutur Nagusiaren lehen fasea da: 1.120 metroko atrakatze-lerroa, 362.000 metro koadroko azalera eta 112 milioi euroko inbertsioa.
Kai-mutur Nagusia izango da, hain zuzen, trenbide-azpiegitura izateaz gain, ontziak portuko sare elektrikora konektatzeko instalazioa izango duen portuko kaietako bat
.