Denboraldiz denboraldi itzultzen diren gurutzaontziei esker, geldialdi-portu gisa bizkor hazi den gunea da portua, eta Portuko Agintaritzak gune horren zerbitzuak hurbilduko dizkie sektoreko profesionalei.
Aurten ere, Bilboko Portuko Agintaritza Seatrade Cruise Med 2022an izango da, Mediterraneoko eta inguruko itsasoetako – munduko bigarren gurutzaldi-helmuga handiena – gurutzaontzien sektoreko topaketa profesional garrantzitsuenean. Irailaren 14tik 15era izango da, Malagako Feria eta Kongresu Jauregian.
Azokak iraun bitartean, Bilboko Portuko ordezkariek agenda bizia izango dute, eta, besteak beste, bilerak egingo dituzte sektoreko armadoreekin eta profesionalekin. Horrez gain, ekitaldian antolatutako hitzaldietara joango dira, esperientziak partekatzeko eta mundu osoko enpresekin sinergiak sortzeko. Helburua da Bilboko Portuak gurutzaldi-merkatuan duen posizioa sendotzea, Bilbaoren aldeko apustua egiten duten gurutzaldi-konpainiak fidelizatzea eta hurrengo ekitaldietarako geldialdiak ixtea. 2022an, 80 gurutzaontzi inguru lehorreratuko dira Bilboko Portuan, eta 2023 denboraldirako geldialdi-kopurua aurtengoaren antzekoa izango dela aurreikusten da.
Gainera, Bilboko Portua Seatrade Cruise Med 2022an egongo dela aprobetxatuko da, eta aurreikuspenen arabera bertan izango diren sektoreko 3.000 profesional baino gehiagoren aurrean, Bilbaok eskaintzen dituen zerbitzu bikainak aurkeztuko dira: gurutzaontzien turismorako jatorri-, geldialdi- eta helmuga-portu gisa, bai bidaiarako, bai ekipajerako. Horrek Turn Around portu gisa lan egiteko gune ezin hobea bihurtzen du.
Aurkeztuko diren berrikuntzen artean, BilbaOPS proiektua nabarmentzen da. Proiektu hori abian jarri du jada Portuko Agintaritzak, ferryak eta gurutzaontziak atrakatzen diren kaietan OPS teknologia hedatzeko, atrakatuta daudenean elektrizitatez hornitzeko. Proiektu horri esker, Bilboko Portuak aurrera jarraitzen du bere instalazioetan sartzen diren gurutzaontziei zerbitzu hobeak emateko. Aldi berean, bidaiarientzako erosotasuna hobetzen da, bibrazioak eta zaratak murrizten baitira. Era berean, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa % 40 murrizten laguntzen du BilbaOPSek.
Proiektuaren lehen lizitazioa 2022aren amaieran egingo da, eta 2025ean egongo da eskuragarri.