Portuko Agintaritzak eta Santurtziko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenari esker egin da obra. Ondoren, arrantza-portuaren eremua urbanizatuko da, eta obrak hasita daude.
Santurtziko bizilagunek Murrieta etorbidea eta Victoria Eugenia Erreginaren pasealekua trenbidearen gainean lotzen dituen oinezkoentzako pasabidea erabil dezakete dagoeneko. Obra hori Bilboko Portuko Agintaritzak egin eta finantzatu du, Santurtziko Udalak portuaren eta hiriaren arteko interakzioen eremuan jarduerak garatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker.
Gaur goizean izan den inaugurazioan Ricardo Barkala Portuko Agintaritzako zuzendariak eta Karmele Tubilla Santurtziko alkateak parte hartu dute eta pozik agertu dira santurtziarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duen pasabide berri bat eman diotelako herriari.
Obra egiteko zazpi hilabete eta erdi behar izan dira eta 1,85 milioi euroko inbertsioa egin da.
Irisgarritasuna eta segurtasuna
Pasabide berria, korten altzairuzko egitura metalikoz egindakoa, aurrekoaren leku berean dago. Murrieta etorbidean hasten da 12,80 kotan eta Victoria Eugenia Erreginaren pasealekura iristen da 11,96 kotan, eta % 1,5eko beherako malda du. Pasabideak Santurtziko Parkea kalea eta Santurtziko tren-geltokiaren irteeran dauden lau trenbide zeharkatzen ditu.
Pasabide berriak irisgarritasunari buruzko araudia betetzen du; izan ere, 2,50 metroko zabalera du, eta, horri esker, bi gurpil-aulki gurutzatzen dira zailtasunik gabe, eta, gainera, bi igogailu ditu.
Segurtasuna ere hobetu egin da, pasaguneetan eta pasabidean bertan argiak jarri direlako, bai-eta zaintza-kamerak ere. Azken horri Abrari begira dagoen atsedengune bat gehitu behar zaio.
Inaugurazioan, Karmele Tubilla Santurtziko alkateak adierazi duenez, “gaur inauguratzen ari garen pasabide berri honek irisgarritasun eta segurtasun handiagoa ekarriko diote santurtziarrek egunerokoan erabiltzen duten bideari; horrela, biztanleen beharrei erantzuna eman diogu. Orain pasabide seguru eta inklusiboa dugu”.
Bestalde, Ricardo Barkala Portuko Agintaritzako presidenteak proiektua azaldu du, eta haren diseinua “Udalaren laguntzarekin egin dela azpimarratu du, ezin bestela izan. Pozgarria da emaitza ikustea eta, horrela, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen lagundu ahal izatea “.
Arrantza portuaren eremuaren urbanizazioaren hasiera
Aipatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan, Santurtziko Udalak eta Portu Agintaritzak landu duten beste proiektuetako bat da 1,3 hektareako azalera urbanizatzea Santurtziko Arrantza Portuaren eremuan. Horri esker, santurtziarrek elkartzeko eta aisialdirako gune berri bat izango dute.
Gogoratu beharra dago, 2021ean, Santurtziko Udalak parte hartzeko prozesu bat egin zuela herriko kultura elkarteekin batera, eta hainbat ekarpen jaso zituela eremu horretan erabiltzen ez ziren bi pabiloiak eraistearen ondorioz sortutako espazio horren erabilera zehazteko. Hortaz, espazio berri horretan jolasak, frontis bat, rokodromo txiki bat, ur-txorrotak dituen gune bat, atsedenerako gune batzuk eta bidegorri bat jarriko dira.
“Jarduera hau gure herriak datozen urteetan izango duen kostaldeko itsas zerrendaren birsorkuntzan sartzen da. Laster egingo den Lehendakari Agirreren pasealekuko hobekuntzak, etorkizuneko kultura-zentroak eta Portuko Agintaritzako presidentearekin aurkezten ari garen jarduketa berri honek Santurtzi berriro ere bere jatorrira hurbiltzea eta itsasotik hurbil espazio handia izatea ekarriko dute. Erabilera ugari izango ditu espazio horrek herritar guztien erabilera eta gozamenerako”, azaldu du Tubillak.
Esku hartzeko lau gune izango dira: Soteraren eta Elektroren eraikinen aurreko eremuak, BPAra sartzeko bidea, aparkatzeko eremua eta arrantzaleen bodegen eremua. Obra hau esleitzeko aurrekontua 3,37 milioi euritik gorakoa da, eta burutzeko epea, lehen obran bezala, 7,5 hilabetekoa.
Lankidetza-hitzarmena
2022ko maiatzean sinatutako azken akordioak lau urteko indarraldia du, eta, batez ere, udalerriaren irisgarritasuna lortu nahi du, bai-eta espazio publikoak eta hirigune- eta portu-ingurunea hobetzea ere, hala nola pasealekuak, bideak, bidegorriak, oinezkoentzako pasabideak edo igogailuak, bizilagunen aisialdirako eta erabilera publikorako.
Horren inguruan, Santurtziko alkateak eskerrak eman ditu prentsaurrekoan “Portuko Agintaritzak eta Udalak elkarrekin egin duten lanagatik, horri esker pixkanaka proiektu amaituak eta etorkizuneko proiektuak egiten ari baitira; esate baterako, gaur aurkezten duguna, gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko duena”.