Portuen arteko Konpentsazio Funtsaren Banaketa Batzordeak Bilbao PortLab Bilboko Portuko berrikuntza hub-aren babesa duten zazpi proiekturen finantzaketa onartu du. Estatuko Portuen Ports 4.0 Funtsen barruan kokatzen dira dirulaguntzak, merkaturatu aurreko modalitatean.
Portuko Agintaritzetako presidenteek egin duten gaurko bileran, 30 proiekturi eman diete oniritzia, Bilbao izan dela onetsiriko ekimen gehien dituen portua.
Bilboko Portuari lotutako proiektu berritzaile onartuek hainbat aurrerapen eskaintzen dituzte: edukiontzien manipulazioaren trazabilitatea eta segurtasuna, energia-aurrezpena, industria-proiektuen kargaren arintasuna eta koordinazioa, ontzi jasangarriak, eragiketan segurtasun hobea izateko tresnak edo poluzioa goiz atzematea.
Guztira 4,34 milioi euroko inbertsioa behar dute, eta dirulaguntzaren zenbateko osoa 2,24 milioi eurotik gorakoa da. Urte amaieran hasiko dira gauzatzen, eta 18 eta 36 hilabete bitartean iraungo dute.
Bilbao PortLabek portuari aplika dakizkiokeen proiektu interesgarriak bilatzen eta identifikatzen ditu, eta, era berean, Portuko Komunitateko enpresek finantzaketa behar duten ideia berritzaileak dituzte. Berrikuntza-hub-ak, halaber, bideratzaile egokiena bilatzen du, eta irtenbide berritzailearen eta portuko komunitateko enpresaren arteko uztartzean laguntzen du, harik eta proiektu baten aurkezpena eta ebaluazioaren segimendua egin arte.
Ports 4.0 Funtsen azken edizio honetan hautatutako zazpi proiektuak hauek izan dira:
- WATCHPORTS, NUAVIS enpresak aurkeztua eta Toro y Betolazak lagundua. Proiektu hau Ports 4.0 lehen deialdian finantzatutako ideia baten garapena da. Ikusmen artifizialeko eta ikaskuntza automatikoko teknologia aurreratuak erabiltzen dituen plataforma automatizatu bat da, hodeian kokatua. Salgaiak portuan manipulatzeko prozesua etengabe monitorizatu, eta, denbora errealean, prozesuari lotutako informazio guztia lortzen du: salgai guztien kokapenetik hasi eta gertatu diren gorabeheretaraino.
- SUPRASHORE-DEMO, SUPRASYS enpresak aurkeztua, Bilboko Portuko Agintaritzak bideratua eta Ports 4.0 lehen deialdian finantzatutako ideia baten garapena ere badena. Portua eta ontziak lotzeko transmisio-lotura bat da, lotura ultrakonpaktuetan oinarritua, energia elektrikoaren banaketa-kostuak optimizatzeko eta elikatzeko sistemak indartzeko.
- NETERH PRO, Erhardt Projects-ek aurkeztua eta GE Renewable Energy-k bideratua. Industria-proiektuen kargari lotutako irtenbide eta zerbitzu logistikoen plataforma bat da, eta logistika-katean parte hartzen duten eragileei hasieratik amaierara zamaren logistika kudeatzeko aukera ematen dieten soluzio eta zerbitzuak ditu.
- FOIL2SEA, Foilchemyk aurkeztua eta Bilboko Ontzi-gidarien korporazioak eta Salbamendu eta Segurtasun Elkarteak bideratua. Luzera txikiko ontzia da, teknologia hidro-hegoak ditu eta hidrogenoz propultsioa egiten du hainbat misio oinarri komun batean egiteko. Kabina alda daiteke, behar den eginkizunaren arabera.
- PRESTAMAR, Sibport21ek eta Petronorrek aurkeztua eta Bilboko Portuko Agintaritzak bideratua. Erabakiak hartzen laguntzeko tresna ez-intrusiboa da, portuko zamalanetako eragiketak kudeatzen laguntzeko, eta, horretarako, porturatutako ontziaren baldintza dinamikoei lotutako irizpide objektiboak eta iragarpenak ematen ditu.
- CLEVERWIND, Cleverwind-ek aurkeztua eta Bilboko LMAk bideratua. 15 kW-eko potentzia eta 10 eta 12 m bitarteko altuera duen ardatz bertikaleko aerosorgailu bat diseinatu eta garatzea. Altxatze-sistemetara konektatutako haize-sentsore baten bidez, haizea dagoenean, dorrea eta palak zabaldu eta elektrizitatea sortzen hasten da.
- POLUZIOA IN SITU DETEKTATZEKO SISTEMA BAT GARATZEA. SDLE Star Defence Logistics & Engineering-ek aurkeztua eta Bilboko Portuko Agintaritzak erraztua. Portuko uretan poluitzaileak denbora errealean atzemateko ekipo eramangarriak,.