Sarrera, jarduerak eta anezka doakoak izango dira, eta jarduera ugari eta askotarikoak izango dira adin guztietarako
Bilboko Portuaren jarduera eta haren ekonomia- eta gizarte-garrantzia ezagutarazteko, Portuko Agintaritzak, Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioarekin batera, publiko guztientzako ekitaldi ludiko eta kultural bat antolatuko du berriz ere Getxoko gurutzaontzien terminalean. Kai-jai edo Portuaren egunaren zortzigarren edizioa urriaren 22an, igandea, izango da, goizez (10:30etik 14:30era), eta tailerrak, jolasak, familia osoarentzako ikuskizunak eta nobedade ugari izango dira, hala nola diskofesta. Halaber, portuko hiru ontzi bisitatu ahal izango dira: Atoiontziena, Itsas Salbamenduarena eta Ertzaintzarena. 12:00etan Portuko Agintaritzak ikasleentzako kontakizun-lehiaketaren sariak banatuko ditu, eta 12:30ean Ertzaintzak helikopteroz egindako erreskate-simulazio bat ikusteko aukera emango du.
Etxeko txikienentzat (5 urte arte) ludoteka, ohe elastikoak edo koloreztatzeko gunea egongo dira; 6 eta 13 urte bitarteko haurrek puzgarria, surf-ohol simulagailua edo ginkana izango dituzte; eta, publiko guztientzat, jolasak, diskofesta, marinel motibodun makillaje-gunea edo ipuin-kontalariak.
Gainera, polizia-txakurrak ezagutu, fotomatoian argazki dibertigarriak egin, aurpegiak margotu edo txirrindularientzako mailloten zozketan parte hartu ahal izango da. KAI JAIk atseden guneak, talo on bat dastatzeko txosna eta informazio puntua ere izango ditu.
Gurutzaontziek atrakatzen duten terminalerako sarbidea errazteko, doako aparkalekua jarriko da, eta anezka-ontziak ere egongo dira, doan. Anezka horiek ordu-erdiz behin konektatuko dute Kai Jai Metro Bilbaoko Neguriko geltokiarekin eta Bizkaia Zubiaren inguruarekin.
Ezagutu Portua
Portua eta bertan garatzen den jarduera ezagutzeko, Bilboko Portuko Agintaritzak doako bisita-programa bat du. Ezagutu Portua programak aukera ematen du Bilboko Portuaren funtzionamendua ezagutzeko eta Bizkaiko eta Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialarekin duen harreman zuzena ezagutzeko.
Bi ordu inguruko bisita gidatuetan, portuaren historia eta geografia, kaietan atrakatzen duten ontzi eta itsasontziak, itsas garraioaren eta
haren funtzionamenduaren garrantzia, portuak bere ingurunean duen eragina eta jasangarria izateko eta bere energia lortzeko lan egiteko modua azaltzen dira.
Bisitak asteburuetan egiten dira, 10:30etik aurrera. Ezagutu Portuan parte hartzeko eta Bilboko Portuaren bihotza ezagutzeko izen-emateak Bilboko Portuko Agintaritzaren webguneko esteka honen bidez egin daitezke.
Bilboko Portua eta Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa
Merkataritza-, logistika- eta industria-portua da Bilbo. Euskadiko BPGren % 8 eta Bizkaikoaren % 17 sortzen ditu, eta Bizkaiko hamar enplegutatik bat mantentzen laguntzen du. NBEren Agenda 2030en helburuekin bat dator, eta berotegi-efektuko gasak murrizteko deskarbonizazio-plana du.
Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa, berriz, itsasertzeko bederatzi udalerrik osatzen dute: Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena, baita Bilboko Portuko Agintaritzak ere, eta portuko jarduerarekin lotutako hogei bat enpresa eta erakunderen laguntza du.
Fundazioaren helburu nagusia da hobeto ezagutaraztea Bilboko Portuak eta Bilboko Itsasadarrak berak garapen ekonomiko eta sozialean eta ibaiertzeko udalerrien integrazioan gaur egun eta historian izan duten garrantzia, eta portuko sektorean berrikuntzari lotutako proiektuak eta ekimenak sustatzea eta garatzea.