Bilboko Portuak, Amsterdamgo Portuak eta Duisportek, Energiaren Euskal Erakunde, Petronor, Evos Amsterdam eta Zenith Energy Terminals-ekin batera, Elkar Ulertzeko Memoranduma (MoU) sinatu dute, Espainia, Herbehereak eta Alemania muturretik muturrera konektatuko dituen hidrogeno berriztagarrirako Europa barneko korridore baten garapena aztertzeko. MoU honek Europar Batasunak Europa barneko korridore horiek ezartzeko dituen nahiei jarraitzen die, eta Espainiako, Alemaniako eta Herbehereetako gobernuek zeregin nabarmena dute korridore horiek gauzatzean.
MoUa urte honen hasieran Bilboko eta Amsterdamgo portuen artean egindako akordio batean oinarritzen da, Euskadin ekoitzitako hidrogeno berriztagarria eta haren eratorriak Amsterdamgo portura tokiko kontsumorako esportatzeko aukera emango duen korridore bideragarri bati ekiteko. Duisport sartzearekin, korridore hori handitu ahal izango da, eta Amsterdamgo portua Alemaniako merkatura sartzeko ate bihurtuko da. Rhin-Ruhr eskualdeko erosle industrial handiei euskal hidrogenoa hornitzeko aukera emango die.
Lankidetza-esparruaren barruan, erakunde sinatzaileek gai hauek landuko dituzte: Petronorrek Euskal Autonomia Erkidegoan hidrogeno berriztagarria ekoiztea; Duisburgen eta haren inguruko industria-eskualdeetan kontsumo-ahalmena eta eskari-zentroak identifikatzea; eta garraio-, biltegiratze- eta banaketa-metodoak ebaluatzea, hidrogeno berriztagarria eta haren eratorriak azken erabiltzaileei ematea bermatzeko irtenbideak emateko.
Elkar Ulertzeko Memoranduma sinatu dute Andima Ormaetxe Bilboko Portuko Eragiketa, Merkataritza eta Logistikako zuzendariak; Markus Bangen Duisport-eko zuzendari nagusiak; Aitor Arzuaga Alba Emission Free Energy by Petronor-eko zuzendari nagusiak; Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak; Gert-Jan Nieuwenhuizen Amsterdamgo Nazioarteko Portuko zuzendari nagusiak; Ellen Ruhotas Zenith Energy Terminals-eko Energia Berrien arduradunak; eta Bart van der Meer EVOS taldeko Energia Berrien Negozioaren Garapenaren arduradunak.
Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketa, Merkataritza eta Logistikako zuzendari Andima Ormaetxek nabarmendu duenez, “Estatuko Portuak erakundeak lehen mailakotzat sailkatutako lau portuetako bat da Bilboko Portua, eta jasangarritasun-politiken buru da Espainian. Distantzia laburreko itsas garraiorako zentroa ere bada, eta Espainia eta Europa arteko merkataritzaren % 30 inguru bideratzen du. Gure helburua da 2050erako portu karbono neutroa bihurtzea, eta, beraz, Bilbo, Herbehereak eta Alemania arteko korridore berdeak garrantzitsuak dira deskarbonizatzen laguntzeko, ez bakarrik Euskadiko industria, baita Europako beste eskualde industrial batzuk ere”.
Europako barne-porturik handiena da Duisport, eta hidrogenoaren Europako zentro bihurtu nahi du. Eginkizun aitzindaria du portuko eragiketetarako eta klimaren aldetik neutroak diren terminaletarako energia-iturri berriak erabiltzen. Markus Bangen-ek, Duisporteko zuzendari nagusiak, adierazi duenez,
“konfiantza-lankidetza hau zabaltzean, seinale garrantzitsu bat bidaltzen dugu mugaz gaindiko lankidetzarako: elkarrekin lan eginda bakarrik gainditu ahal izango ditugu erronka globalak, hala nola trantsizio energetikoa, eta azkar garatu ahal izango dugu hidrogenoaren ekonomia Europa osoan”.
Amsterdamgo Portuak, berriz, funtsezko gune bihurtu nahi du inportatutako hidrogeno berriztagarriarentzat eta haren deribatuentzat, bai eta haren hornidurarako ere. Amsterdamgo portuak gaur egun munduko energia gune gisa duen zeregina islatuz. Amsterdamgo Portuko inbertsio-zuzendari Dorine Bosman-ek azpimarratu duenez, “Amsterdamgo Portuak konpromisoa hartzen du Europan industriak deskarbonizatzen laguntzeko. Gure ustez, hidrogenoaren Europa barneko korridore horien garapena funtsezkoa da, eta, hitzarmen honi esker, hidrogenorako eta e-erregaietarako korridore bat sortu ahal izango dugu Euskal Autonomia Erkidegoa bezalako ekoizpen handiko eskualde baten eta Duisburgeko portuaren artean”.
Duisportek eta Amsterdamgo Portuak Baterako Azterketa Hitzarmen (JSA) bat ere sinatu dute, Amsterdamen eta Rhin-Ruhr eskualdearen artean hidrogenoz hornitzeko kate erresiliente bat ezartzearekin lotutako alderdi guztiei buruzko azterketa zehatza egiteko.
Akordio biak Duisburgoko H2 Connecting Event-en esparruan egin dira Willem-Alexander Herbehereetako Erregearen; Philipp Nimmermann Alemaniako Ekonomia Gaietarako eta Ekintza Klimatikorako Ministerio Federaleko Energiaren Estatu Idazkariaren; Hans Vijlbrief Herbehereetako Ekonomia Gaietarako eta Klima Aldaketarako Ministerioko Erauzketa Industrietarako Estatu Idazkariaren; Hendrik Wüst Alemaniako Ipar Renaniako Lehen Ministroaren aurrean, Mona Neubaur Renaniako Estatu federatuko Lehen ministrordea eta Ekonomia Gaietako, Industriako, Klimaren aldeko Ekintzako eta Energiako ministroa lekuko ofiziala izan dela.