Ostegun honetan, azaroaren 16a, Bilboko Portuak gurutzaldi-denboraldi bikaina itxiko du; bigarren urtez jarraian, eskala- eta bidaiari-kopuruari dagokionez errekorra izango baita. 238 metroko luzerarekin eta 1.098 bidaiariekin Bolette izan da urteko azken gurutzaontzia. Fred Olsen konpainiarena da eta A. Pérez y Cía enpresak kontsignatu du. 8:30ean porturatu da eta 20:00etan abiatuko da.
Guztira, Portuko Agintaritzak Getxon duen gurutzaontzientzako terminalak 80 gurutzaontzi jaso ditu aurten, 126 eta 348 metro bitarteko luzerarekin. Horietan 148.791 bidaiari iritsi dira Euskadira, gehienak iragaitzazkoak, hau da, Portuan geldialdia egin eta Bilbo, Bizkaia eta Euskadi ezagutu ondoren beren ibilbidea egiten jarraitzen duten bidaiariak. Gurutzaontzi horietako lauk gaua igaro dute Getxon, eta gurutzaontzi batek, Norwegian Gem-ek, turn around delakoa egin zuen, bere ibilbidea irailaren 7an Bilbon hasiz eta hil bereko 19an itzuliz bertan amaitzeko. Turista gehienak britainiarrak (% 41), amerikarrak (% 27) eta alemaniarrak (% 13) izan dira.
Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak denboraldi honen balorazio positiboa egin du. “Bilboko Portua eta Getxoko terminala gurutzaontzien ontzi-enpresa handien ibilbidean kokatzen jarraitzen dugu. Horrek asko laguntzen du Lurraldeko turismoa handitzen, eta, ondorioz, gure ekonomia bultzatzen du. Beraz, jarduera horren alde egiten jarraituko dugu, bai eta Bizkaiko eta Euskadiko sare ekonomikoaren garapena bultzatzen ere”.
“Gurutzaontziena bezain lehiakorra den sektore batean, ontzi-konpainiek Bilboren aldeko apustua egiten dute eskaintzen dituzten azpiegitura eta zerbitzuengatik, terminalaren eraginkortasunagatik eta geldialdiak eta haien turistak kudeatzeko malgutasun eta erraztasunagatik”, nabarmendu du Barkalak, eta “gure lurraren erakargarritasun ukaezina eta gure ingururik hurbileneko kultura-, monumentu-, natura- eta gastronomia-eskaintza aberatsa eta askotarikoa” ere aipatu du ontzi-enpresek bere geldialdietarako Bilbo aukeratzeko arrazoien artean.
2019an, 50 gurutzaontzi iritsi ziren Bilboko Portura; 2020an, COVID-19ren ondorioz, Espainiako eta Europako beste herrialde batzuetako gurutzaontziak bertan behera geratu ziren; 2021eko abuztuan, berriz ekin zitzaion trafiko horri, eta 14 geldialdi egin ziren; 2022an, berriz, bidaiari gutxiko gurutzaontziekin hasi zen, eta 78 gurutzaldi-ontzi izatera iritsi zen. Kopuru hori berriro gainditu da aurten.
2023ko gurutzaontzien artean, portu honetan ohikoak diren konpainien eta lehen aldiz helburu horren alde egiten zuten ontzi-konpainien ontziak daude, baita lehen geldialdia egiten zuten 13 gurutzaontzi ere. Egun berean, hiru gurutzaontzi egon dira Getxon, eta apirilean, maiatzean, ekainean, abuztuan, irailean eta urrian, egunean bi gurutzaontzi hartu ziren behin baino gehiagotan.
Aurreikuspenak eta jasangarriagoak izateko proiektu berria
Gurutzaontzien sektoreko aurreikuspenak konplexuak dira, porturatzeak alda ditzaketen aldagai asko baitaude. Hala ere, 2024rako helburua denboraldi honetan izan diren geldialdi-kopuruari eustea da. “Pixkanaka-pixkanaka, Euskadik gurutzaontzientzat duen potentzial handia erakusten ari gara – Getxo Turismorekin, Bilbao Turismorekin eta Eusko Jaurlaritzako Turismoarekin batera -, eta terminalari eman diogun eta hornitzen jarraitzen dugun azpiegitura bikainarekin eta gure profesionalek ematen duten zerbitzuarekin egiten dugu”, adierazi du Portuko Agintaritzako presidenteak.
Hori dela eta, BilbOPS proiektua da Portuko Agintaritzak sektoreari zerbitzua hobetzeko eta, aldi berean, jasangarritasunari laguntzeko martxan duen hurrengo lan handia. Proiektu horren bidez, OPS teknologia hainbat kaietan (gurutzaontzienak barne) hedatu nahi da, ontziei elektrizitatea emanez. Hala, CO2-emisioak murriztuko dira, eta bibrazioak eta zaratak ere bai. Horretarako, Itsasadarra Santurtzitik Getxoraino zeharkatzen duen urpeko kable bat zabalduko da. BilbOPS proiektu globalak 47,5 milioi euro inguruko aurrekontua du, eta Europako Batzordeak % 30 finantzatuko du CEF Transport 2021-2027 programaren bidez. 2026aren hasieran egongo da martxan.
Bestalde, bilerak, kontaktuak, bisitak eta merkataritza-jarduera handia egiteaz gain, Bilboko Portuko Agintaritzak sektoreko hainbat azoka eta ekitalditan parte hartzen jarraituko du, urtero egiten duen bezala, Bilbo/Bizkaia/Euskadi helburu gisa sustatzeko. 2024an, sektoreko bi azoka handietan parte hartuko du: apirilean, Seatrade Cruise Globalen (Miami Beach, Florida) eta irailean, Seatrade Med-en (Malaga).