- Bilbao hub logistikoa, industriala eta energetikoa da, Euskadirentzat funtsezkoak diren proiektu estrategikoekin, eta aukera paregabea du Europar Batasunak bermatzen duen Hidrogenoaren korridorearekin.
- Hartzen duen inbertsioaren % 78 pribatua da eta erregai eta agregakin sintetikoko lantegietara, hidrogeno berriztagarrietara, mota guztietako birziklatzera, bioerregaietara eta osagai eolikoetara bideratuko da.
- Ekonomia zirkularra Portuko Agintaritzaren zein enpresa pribatuaren inbertsioen zati handi baten ingurukoa da.
- Administrazio Kontseiluak Kai-Mutur Nagusiaren bigarren faseko lanak esleitu ditu 55,14 milioiren truke.
- Atlantikoko portu nagusiak salgaien eta energiaren jatorri portua izateko aukera handiak ditu eta, modu paraleloan, Euskadi Europako erreferente bihurtzeko bultzatzen duen berrikuntzan hazkunde jasangarri baterako oinarriak jartzen ditu.
- Bilboko Portuko Agintaritzaren ibilbide-orria da Green Port lehiakor bihurtzea, eta, aldi berean, merkatu eta trafiko berriak erakartzea, % 10 hazi baitira ekainera arte.
Santurtzin, 2024ko uztailak 30. Bilboko Portua hub logistiko bat da, munduko edozein lekutara doan edozein trafikori erantzuteko, aholkatzeko eta ontziratzeko/lehorreratzeko terminalak, biltegiak, zerbitzuak eta profesionalak dituena; hub industrial bat, fabrikatzen edo eraldatzen dituzten lantegi eta piezak muntatzeko eta mundu osora esportatzeko erabiltzen dituzten terminalak hartzen dituena; eta hub energetiko bat, non era guztietako energia sortzen duen industria-eremu bat sortu den, haiekin batera energia-transformazioa gidatuz eta proiektu berriztagarriak bultzatuz.
Hiru zutabe horietatik – logistikoa, industriala eta energetikoa -, Bilboko Portuko Agintaritzak eta portu-komunitateko enpresek hazkunde-jarraibide jasangarriak ezarri dituzte, eta Euskadiko hazkunde ekonomikoari laguntzen dioten proiektuak egiten dituzte, bai eta eskualde berritzaile, puntako eta iraunkor bihurtzen laguntzen dutenak ere. Gure enpresak nazioarteratzeko funtsezkoa den zereginarekin batera, ekonomia berri batean sartzeko motor gisa dihardu, non, azkarrak, malguak eta lehiakorrak izateaz gain, jasangarriak izan behar dugun merkatu global batean murgiltzeko.
Une honetan, Bilboko Portuan 700 milioi inguruko inbertsioa eskatzen duten proiektuak gauzatzen ari dira edo onartzeko bidean daude. Inbertsio horren % 78 pribatua da eta erregai planta eta agregakin sintetikoetarako, hidrogeno berriztagarrietarako, mota guztietako birziklapenerako, bioerregaietarako eta osagai eolikoetarako erabiliko da. Ekonomia zirkularra, halaber, Portu Agintaritzaren beraren eta enpresa pribatuaren inbertsioen zati handi baten ingurukoa da.
Horrez gain, Euskadik, Bilboko Portuaren bitartez, aukera handia du korridore berdeak eta Europar Batasunak bermatzen duen hidrogenoaren korridorea hartzeko.
Ildo horretan, Bilboko, Amsterdameko eta Duisport-eko portuek, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Petronorrek eta Herbehereetako SkyNRG, Evos Amsterdam eta Zenith Energy Terminals erakundeek bat egin dute Ulermen Memorandum (MoU) batetan, hidrogeno-eremuan eta bere banaketan itsas ibilbide horren bidez. Bilboko Portua funtsezkoa da Europar Batasunak begiratzen dion korridore horretan; izan ere, hidrogeno berdearen ekoizpena, garraioa eta logistika garatzeko behar diren ezaugarri guztiak ditu, bai eta deskarbonizazioari egiten dion ekarpena ere, helburua zero emisio garbietan jarrita.
Oreka ekonomiko-finantzarioari eustea
2024ko lehen seihilekoan, Bilboko Portuko Agintaritzak 39,2 milioi euroko negozio-zifra lortu du; iazko epe berean, 33,6 milioi eurokoa izan zen negozio-zifra; horrek esan nahi du fakturazioa % 16,8 igo dela.
Bestalde, Europako Inbertsio Bankuarekin duen zorra 39 milioi eurokoa da seihilekoa amaitzean, nahiz eta 66 milioi euroko diruzaintza bat eduki abian diren inbertsioei aurre egiteko.
Oreka ekonomiko finantzarioa mantentzea da Bilboko Portuko Agintaritzaren 2023-2026 Plan Estrategikoaren ardatzetako bat, trantsizio energetikoaren, berrikuntzaren eta ingurumenaren arloan azpiegitura eta zerbitzu berriak hedatzeko, finantza- eta kudeaketa-autonomiaren printzipioari jarraikiz. Portuko Agintaritzaren inbertsio-ahaleginak Europako hainbat erakunderen babesa du, onartutako dirulaguntzen bidez. Dirulaguntza horiek 30,8 milioi eurokoak dira, 102,1 milioi euroko jarduera-zorro baterako, % 30,1eko batez besteko kofinantzaketa-ehunekoarekin. Inbertsio horiek inplementazio-fasean daude 2024tik 2026ra bitartean gauzatzeko.