Ministro Kontseiluak Errege Agindu berria onartu du, Espainiako portuetara iristen diren edo portu horietatik ateratzen diren merkantzia-ontziei eskatu beharreko informazio-betebeharrak eguneratzeko.
Xedapen ofizial honek 2010eko Direktiba komunitarioa eransten dio Espainiako antolamendu juridikoari, informazioaren transmisioaren inguruko prozedura eta jarduerak errazteko eta bateratzeko helburuarekin. Horretarako, informazioa formatu elektronikoan aurkeztu behar da, edo datuak igortzen dituzten askotariko sistema elektronikoak lotuko dituen leihatila bakar baten bidez. Ez dira betebehar berriak agintzen informazio-edukiei dagokienez .
Kapitainak edo ontzi-operadoreak baimendutako beste norbaitek igorri behar dio informazioa Portuko Agintaritzari, ontzia interes orokorreko portu batera iritsi baino hogeita lau ordu lehenago gutxienez . Bidaiaren iraunaldia hogeita lau ordutik beherakoa denean, ontziak jatorrizko portua uzten duen unean igorri behar da informazio hori. Geldialdia zer portutan egingo den jakin ezean, jakin orduko igorri behar da informazio hori.
Portuko Agintaritzari esleitu zaio leihatila bakarra, eta, beraz, hura da erreferentzia-informazioa jasoko duena eta gero Estatuko Portuei igorriko diena.
Ildo beretik, Itsasontziak sartzeko eta ateratzeko kudeaketa-zerbitzu integratuarekin (PIDE) jasotzen ditu Bilboko Portuak dagoeneko legeria berriaren informazio-betebehar guztiak, e-puertobilbao plataforma telematikoaren bidez. Errege Dekretuaren berrikuntzaren funtsa kontsignatarioek bidalitako datuen prozesagarritasunean datza. Leihatila bakarrera (e-puertobilbao) bidalitako datuek prozesagarriak izan behar dute derrigor. Beraz, batzuetan PDF formatuan bidaltzen den informazioa, Hondakinen Aitorpena esate baterako, “WASDIS” (Waste Disposal) mezu estandar bateratuaren bidez edo dagokion web-zerbitzuan idatziz igorri behar da. E-puertobilbaok onartzen ditu aukera horiek dagoeneko; hortaz, informazioa bidaltzen dutenek eskuragarri dituzten aukerak aztertu behar dituzte (mezua edo web-zerbitzua), araudiari egokitzeko.
Prozedurak bateratzeko taldeak (GAP) egingo du egungo PIDEn eskatzen diren datuen berrikuspena eta legedi berriak eskatzen dituen datuen arteko eguneraketa. Prozedurak bateratzeko taldean Estatuko Portuak eta hainbat Portutako Agintaritzek hartzen dute parte; besteak beste, Bilbo, Valentzia eta Bartzelonakoek.