Astilleros Zamakonak laugarren itsasontzi bat entregatu dio Danimarkako Viking Supply Ships As armadoreari. Brage Viking itsasontziak 85 m-ko luzera eta 22 metroko zabalera du. Oso sofistikatua da, eta artikoko eremuan dauden petrolio-plataformei laguntzeko azken aurrerapen teknologikoak ditu.
Lau motorrek propultsatzen dute (19.000 BHP guztira), eta 400 tonako tiratze-indarra duen
kubierta-makineria du, Artikoko eremuetan zulatzeko edo ustiatzeko behar diren plataforma handiak maneiatzeko eta mugitzeko. Horrez gain, posizionamendu-sistema dinamiko duplex bat du. Horri esker, ontzia bere lekuan geratzen da eguraldia txarra denean (urakan-haizeak eta itsaso handia dagoenean, adibidez), eta ur azpiko robotek sakonera handietan lan egin dezakete.
Ontziak ingurumena errespetatzen du, gasen eta likidoen isurketei dagokienez. Ontziaren diseinuak eta instalazioek Clean Design ingurumen-kota betetzen dute, eta zaratei eta bibrazioei dagokien Det Norske Veritas sailkapen-kota ere bai. Azken horri esker, bermatuta dago ontziko tripulazioaren erosotasuna eta atsedena. Laneko kubiertako manipulazio-sistema robotizatuta dago, segurtasun-maila handia lortzeko eta istripuak saihesteko.