2011n, Bilboko Portuko zirkulazioaren guztizkoa 31,7 milioi tona izan zen; aurreko ekitaldian baino % 5,7 gutxiago, ontziratu gabeko merkantzia likido eta solidoen murrizketen ondorioz.
Ontziratu gabeko merkantzia likidoak gutxitu egin ziren —zehazki, % 10—, gas naturala murriztearen eta Petronor-ek gutxiago produzitzearen eraginez. Merkantzia solidoak ere % 10 jaitsi ziren, ArcelorMittal aldi baterako ixteak beherakada ekarri baitzuen txatar-inportazioan.
Gertaera positibo eta garrantzitsuena merkantzia orokorrean izan da: 420.000 tona handitu da —hots, % 4,45eko hazkundea izan du—. Izan ere, edukiontzietako merkantzia orokorra inoizko kopururik handienera iritsi da, 572.784 TEUra, hain zuzen. Zirkulazio-mota horrek eskulan gehiago behar izaten du portuan; halaber, merkantziaren garraioa dinamizatzen du, eta, ekitaldi horretan, sektore horiek ez dute lan-murrizketarik izan Bilboko Portuan.
Itsas zerbitzuak indartzea
Bilboko Portuaren eta Europa Atlantikoaren arteko itsas zirkulazioak protagonismo handiari eusten dio: zirkulazioaren % 45 hartzen du, hazkundea izan baitute edukiontzi-zirkulazioak (% 10) eta ohiko merkantzienak (% 9). Zirkulazio totalaren helmuga nagusiak Errusia eta Erresuma Batua dira. Karga lehorrari dagokionez, Erresuma Batua da zerrendan lehena, eta, haren atzetik, Belgika.
Merkantzia orokorraren gorakadatxoak bide eman du Bilboren eta Europako beste portu batzuen arteko itsas zerbitzuak indartzeko.
Bestalde, Ipar Atlantikoko Amerika bihurtu da Bilboko Portuko bigarren merkatu garrantzitsuena, hazkunderik handiena izan baitu (% 11), AEBkiko zirkulazioaren bultzadari esker (370.000 tona handitu da, hau da, % 18). Halaber, nabarmentzekoa da Pazifikoko Asiaren hazkundea (% 6), Txinarekiko zirkulazioa % 7 igo delako eta Taiwanekiko zirkulazioa % 124 igo delako.
Finantziazioa eta inbertsioak
33/2010 Legeak jasotako tasak jaitsi arren eta
zirkulazio totalean tona batzuk galdu arren, Portuak 64,7 milioi euroko diru-sarrera izan du, 2010ekoa baino zertxobait handiagoa. Kontzesioan gainazal gehiago emateagatik eta edukiontzi-merkantzia orokorrak % 7 gehitzeagatik gertatu da igoera hori. Edukiontzi-merkantzia orokorrak gaitasun handiagoa du diru-sarrerak sortzeko, ontziratu gabeko merkantzia solidoek eta likidoek baino.
Inbertsioei dagokienez, Portuko Agintaritzak 50 milioi euro inbertitu zituen 2011n, eta 2012an, berriz, 49,7 milioi.