Aintzatespen hori duen Espainiako portu-agintaritza bakarra da, eta Bizkaiko lehenengo enpresetako bat
Bilboko Portuko Agintaritzak eremu kardiobabestua izatearen ziurtagiria lortu du, Medikuntzako eta Laneko Segurtasuneko Espainiako Elkarteak (Sociedad Española de Medicina y Seguridad en el Trabajo, SEMST) emana. Ziurtagiri horri esker, Bilboko Itsas Portuak urrats bat gehiago egin du segurtasun-politikaren eta laneko osasunaren arloan, eta interes orokorreko portu-sistemaren buru bihurtu da arlo horretan, aintzatespen hori duen Espainiako portu-agintaritza bakarra baita. Halaber, erreferentzia bihurtu da Bizkaiko enpresen artean, aitzindaria baita haien artean ere.
Alde horretatik, Bilboko Portuko Agintaritzak, zeinak 300 langile baititu, langileekin egiten ari den laneko osasuneko kanpaina prebentiboen barruan, eta instalazioen, baliabideen eskuragarritasunaren eta langile-fluxuaren analisi zehatz bat egin ondoren, zazpi desfibriladore erdiautomatiko instalatu ditu Santurtziko, Bilboko, Getxoko eta Zierbenako zentroetan eta administrazio-bulegoetan, eta, hala, “eremu kardiobabestu” batean daude denak.
Bestalde, portuko beste langile eta enpresa askorentzako onurak dakartza ekimen honek.
Izan ere, behar izanez gero, egunero portuan bertan lan egiten duten beste enpresa batzuetako langile gehienak artatu ditzake. Kalkuluen arabera, portuko eremuan 2.000 lagun ibiltzen dira egunero, eta desfibriladoreek aukera ematen dute langile horien % 80 baino gehiago artatzeko eta, behar izanez gero, desfibrilazioa hiru minutu igaro aurretik aplikatzeko.