Indiara egindako bidaia komertzialean Eusko Jaurlaritzarekin joan den enpresa-ordezkaritza handiaren parte da Bilboko Portuko Agintaritza. Munduko laugarren ekonomia da India, eta biztanle gehien dituen bigarren herrialdea, 1.200 milioi biztanle baititu. Ordezkaritzak, Patxi López lehendakaria buru duela, Mumbai,
Pune, New Delhi eta Bangalore bisitatuko ditu martxoaren 19tik 23ra bitartean.
Estatuko Portuek emandako azken datu ofizialen arabera (2010ekoak dira), Bilboko portua da Espainian lehena Indiarekiko zirkulazioan, Bartzelonako eta Valentziako portuen aurretik.
Espainiako portu guztietako 2011ko emaitza orokorrak oraindik ez dakizkigun arren, Bilbok Indiarekiko 462.000 tonako trafikoa izan zuen urtearen amaieran, eta haien % 83 inportazioei dagokie. India da salgai arruntetan gehien hazi den lurraldea, ehunekotan neurtuta (% 235), eta bigarrena, zenbateko absolututan neurtuta (98.000 tona). Bilbo eta India artean mugitzen den salgai-sorta zabalaren barruan, nabarmentzekoak dira gasolioaren, produktu siderurgikoen, produktu kimikoen eta arrain izoztuaren inportazioak eta produktu siderurgikoen, makinaria eta ordezkoen, automobilen eta haien piezen eta mineralen esportazioa.