Finnlines-ek —Grimaldi taldean dago— Bilboko Portuaren aldeko apustua indartu du Bilbo Ipar itsasoarekin eta Baltikoarekin lotzen duen asteroko zerbitzuan ro-ro ontzi berri bat jarrita. Finnsky ontziak —linea berean zerbitzua ematen duten Finnbreeze, Finnsea eta Finnsun ontziek bezala— 188 metroko luzera du, eta gutxi gorabehera 200 plataforma, 600 ibilgailu, 470 TEU eta 75 reefer garraiatzeko ahalmena.
Karga-ahalmen handiagoa duten eta ingurumena errespetatzen duten ontzi-belaunaldi berri bateko lehen ontziak dira aipatutako horiek.
Bilborekiko merkataritza-zirkulazioaren gorakada nabarmenak ekarri du Finnlines-ek zerbitzu horretan ontzi berriak jartzea. Batez ere, Stora Enso suediar-finlandiar enpresaren karga du oinarri, zeina munduko paper-ekoizle nagusietako bat baita. Horrez gainera, Bilbotik Anberesera Renault markako ibilgailuen esportazioa indartzea lortu du ontzi-enpresak, bai eta kontratu berriak ere, hala nola Iveco kamioiak ontziratzea eta Seat ibilgailuak Errusiako merkatura esportatzea.
Halaber, duela gutxi proiektu berriak lortu ditu, besteak beste Kazakhstanerako diren Talgo bagoiak ontziratzea Bilbon.
Finnlines-en asteroko lineak Consignaciones Toro y Betolaza du ordezkari, eta geldialdi hauek egiten ditu: Bilbo, Anberes —enpresa nagusi duen Grimaldi-ren hub-a—, Helsinki —Finlandiako ontzi-enpresa honen oinarri-portua—, San Petersburgo (Errusia), Kotka, Lübeck (Alemania) eta Zeebrugge (Belgika). Era berean, Aarhus-ko (Danimarka) eta Travemünde-ko (Alemania) portuetan karga-harrera handitu du (igarotze-denbora 8 eta 9 egunekoa da hurrenez hurren).