Construcciones Navales, Celulosas y Siderúrgicas SAk (NAVACEL) zortzi xurgatze-aingura handi kargatzeko lanari ekin dio. Bilboko Portutik Israelgo kostan eraikitzen ari diren offshore gas-plataforma batera eramango dituzte xurgatze-aingurak.
Aingura horietatik seik 9,5 metroko diametroa dute eta 20 metro luze dira, eta beste biak, berriz, 14 metrokoak dira. Enpresaren Bilboko itsasadarreko kaian —zehazki, Axpen (Erandion)— porturatuta dagoen gabarra berezi batean jarriko dituzte aingurak. Piezak hain handiak izanik, oso konplexua da haiek mugitzea, eta, beraz, aurreikusten da bost egun
beharko direla haiek kargatzeko lanetarako bakarrik. Ondoren, garraiatzeko erabiliko den gabarran ainguratuko dituzte. Lanek, guztira, 10 bat egun iraungo dute.
Gabarrak ez dauka propultsio-bitartekorik. Hori dela eta, altura-atoiontzi batek eramango du. Navacel-en instalazioetako kaian itsasoratzen denetik, 28 egun beharko ditu helmugara iristeko. Kargatzeko eta ainguratzeko lanetan soilik, 20 lagun dabiltza.
Xurgatze-aingurak eta antzeko beste batzuk fabrikatzeko proiektua egiteko, Construcciones Navales, Celulosas y Siderúrgicas SAren langile-taldea % 16 handitu da azken bost hilabeteotan, eta, batez beste, 40 lagun azpikontratatu zaizkie enpresa laguntzaileei. Axpen (Erandio) dauden instalazio berrien bidez —apartak dira pieza handiak eraikitzeko, nabeen alturagatik, garabien gaitasunagatik eta kaian bertan kargatzeko kokaleku estrategikoagatik—, enpresak espero du eskaera-zorroa handitzea etorkizunean eta, hedaduraz, inguruko enpleguari eustea eta hura ugaritzea.