Ocean Dream gurutzaontzia, Bakearen Itsasontzia izenaz ezagunagoa, Bilboko Portuak Getxon dituen instalazioetan porturatuko da igandean, ekainak 17, 11:00etan, eta astelehenean alde egingo du, hilak 18, 17:00etan. Gurutzaontzi horrek lehen aldiz egin du eskala EAEn, baina ez da lehen aldia Peace Boat gobernuz kanpoko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak —Tokion du egoitza— gurutzaontzi bat Bilboko Portura ekartzen duena. Erakunde horren aurreko bisita 2007ko uztailean izan zen, Topaz gurutzaontziarekin.
Ocean Dream 1981ean eraiki zuten, eta Japan Grace ontzi-enpresarena da. 205 metro luze da, eta 1.422 bidaiarirentzako lekua du. Lisboatik etorriko da, eta Le Havreko porturantz abiatuko da (Frantzia).
Erakunde horren 76. bidaia da. Gurutzaontzia maiatzaren 8an atera zen Yokohamatik, eta abuztuaren 17an itzuliko da hiri horretara,
munduari buelta eman eta herrialde hauetako portuetatik igaro ondoren: Txina, Singapur, Thailandia, Sri Lanka, Egipto, Grezia, Italia, Portugal, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Suedia, Norvegia, Islandia, Venezuela, Panama, Nikaragua, Guatemala eta Mexiko.