Vicinay Cadenas enpresak egindako kateak eta tamaina handiko zortzi xurgatze-aingura, Navacel enpresak eginak, bidali dituzte Bilboko portutik Israelen eraikitzen ari diren itsasoko gas-plataforma batera. Servicios Logísticos Portuarios (SLP) enpresak koordinatu du bidalketa eta bidali ditu gabarra, piezaz kargatuta, eta hura Israelera eramango duen altura-atoiontzia.
Pieza hain handiak mugitzeko zailtasunak direla eta, hainbat aste behar izan dira piezak kargatzeko eta haiek lotzeko. Lehenbizi, Bilboko itsasadarreko kaietan egin dira lan horiek, instalazioak baitituzte han Vicinayk eta Navacelek; ondoren, portuko zabalgunean. Gabarrak ez dauka propultsio-bitartekorik, eta 28 egin beharko ditu helmugara iristeko.
Ontziratutako xurgatze-ainguretatik, seik 9,5 metroko diametroa dute eta 20 metro luze dira; beste biak, berriz, 14 metrokoak dira. Israelgo kostatik 10 bat km-ra ainguratuta dagoen birgasifikatze-instalazio bateko gasa hartzeko sistemaren osagai dira aingurak. Tel Avivetik (Israel) iparraldera dagoen Hadera gas terminala gasez hornitzen du instalazio horrek.
Likido dagoela deskargatzen da gasa, gas-ontzi, birgasifikatze-estazio bat duen beste ontzi batera, eta ontziaren hondotik konektatuta dagoen buiatik. Buia berezia da, eta birgasifikatze-ontzia ainguratzeko eta gasa bideratzeko erabiltzen da. Urpean egoten da, 20-30 m-ra, konektatzeko zain dagoenean.
Zortzi xurgatze-ainguren eta Vicinay Cadenasek egindako 400-600 m bitarteko zortzi kateren bidez jartzen da buia dagokion posizioan. Gutxi asko kateak halako bi luze den altzairuzko kable bat ere erabiltzen da eginkizun horretarako.