Portuko instalazioetan segurtasun-sistema indartu nahian, Bilboko Portuko Agintaritzak, bere ekimenez, soinu-abisuen sistema bi erosi ditu ihes toxikoagatiko larrialdi kimikoren bat gertatuz gero berehala emateko haren berri egunero portuan lan egiten duten langileei Bi sirena horiek Bilboko Portuko eremurik kanpokoenean, Punta Luceron, jarri dira, eta ondoko udalerrietatik entzuten dira.
Horrenbestez, bi horiekin dagoeneko bost sirena daude portu barruan, eta seigarren bat ere badago kanpoan, Eusko Jaurlaritzak Santurtzin jarri zuena eragin diezaiokeen populazioari ohartarazteko.
Bilbokoa da larrialdi-abisuen hain sare zabala duen Portu Agintaritza bakarra, eta, gainera, erakundeak berak ordaindutakoa da. 2010eko ekainean instalatu ziren lehendabizikoak, eta, orain arte, 161.000 euroko inbertsioa egin da bost sirenetan eta haien kontrol-sistemetan. Arduradunen arabera, “legeak ez digu eskatzen horrelako abisu-sare zabala izatea, baina guretzat prebentzioa eta segurtasuna dira gure jardueraren bi ardatz nagusiak. Lehentasuna, zalantzarik gabe, Bilboko Portuko langileen eta gure instalazioen inguruko populazioaren babesa da”.
Ekipamendu berria ezagutzera emateko eta ihes toxikoagatiko larrialdi kimiko baten aurrean zer egin jakinarazteko, Bilboko Portuko Agintaritzak informazio-jardunaldi baten deia zabaldu die Portuko enpresei, eta gonbidapena bidali zaie, orobat, Zierbena eta Santurtziko udaletako ordezkariei. Jardunaldian izango da Pedro Anitua ere, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren zuzendaria. Kanpoko sirena instalatu zenean ere, 2010ean, egin zen informazio-kanpaina bat Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta, orduan, Portuko langileak zein bi udalerrietako biztanleak izan ziren hartzaileak.
Prebentzio gisa, portu barruko abisu-sistemak segundo batzuez aktibatzen dira asteartero 10:00etan, eta noizean behin simulazioak egiten dira. Nork bere burua babesteko oinarrizko aholkuen
hurrengo artean dago leku itxian konfinatua geratzea abisura arte.
Autobabeserako planaren eguneratzea
Halaber, Bilboko Portuko Agintaritzak duela gutxi eguneratu du Bilboko Portuaren autobabeserako plana. Plan hori hiru urtez behin eguneratzen da, edo maizago hala komeni dela uste bada. Dagoeneko plana aurkeztu zaie, bai Eusko Jaurlaritzari, bai Barne Ministerioari. Barnean hartzen ditu portuko enpresetako plan pribatuak, eta, orobat, lotuta dago Eusko Jaurlaritzak berak Bilboko Porturako egindako kanpoko larrialdi-planari.